Euskal selekzioak Ofizialtasunaren aldeko adierazpena
Hamaika gizarte eragile bildu ditu helburu batek
ESAITek eta hainbat alderdi politiko, sindikatu, gazte mugimenduko talde eta gizarte eragilek Kirol Haerria ekitaldian parte hartuko dutela esan eta Euskal Herriko kirol egitura sortzeko beharra nabarmendu dute.
Imanol CARRILLO
Euskal Herriko Kirolariek eta gizarteko hainbat arlotako pertsonek iganderako antolatu duten Kirol Haerria ekitaldia babestu, eta bertan izateko konpromisoa hartu dute Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) zein hainbat alderdi politiko, sindikatu, gazte mugimendu eta gizarte eragilek. Hala adierazi zuten atzo, elkarrekin, Donostian eskainitako prentsaurrekoan.
Abendua iritsita, euskal futbol selekzioaren partidak oihartzun handia izaten du, baina aurtengoarekin Gabonetan honelako neurketarik jokatzen ez duen bigarren urtea izango du. Prentsaurrekoan hainbat eragilek honakoa azaldu zuten: «Abenduko partida baino haragoko proposamena dugu, izan ere, Euskal Herriko selekzioarekiko diskriminazioa urtean zehar zabaltzen da, ez bakarrik abenduko futbol partidarekin».
Horregatik, ofizialtasunaren eta egitura nazionalen aldeko norabidean batu diren gizarte eragileek bost puntu garrantzitsuenen berri eman zuten publikoki. Alde batetik, argi utzi nahi izan zuten Euskal Herria zazpi herrialdez osaturiko nazioa dela: «Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Zuberoa. Eta nazio bat garen heinean, nazioarteko txapelketa ofizialetan jokatzeko eskubidea dugu. Horrenbestez, dagokigun eskubide hori aldarrikatzen dugu».
Hala ere, «Nazio gisa nazioartean ez gara existitzen», nabarmendu zuen Itziar Arratibel ESAITeko bozeramaileak. Halaber, Estatu espainolak zein frantsesak ezartzen dituzten trabak salatu zituen.
Lehen puntu hori kontuan hartuta, «zazpi herrialdeetako kirolariak beren baitan hartuko dituzten kirol federazio nazionalak» behar direla adierazi zuten. Izan ere, «Nafarroak eta Iparraldek ezin dute parte hartu, egun dauden hiru federazioetatik -Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba- kanpo daudelako», argitu zuten.
Euskal selekzioen ofizialtasuna lortzea, aldiz, «herri osoaren erronka da, ez bakarrik kirolariena», zehaztu zuten, «selekzioak herri osoaren izatea azaltzen duten nortasun adierazle garrantzitsuak» baitira. Horregatik, «selekzioen ofizialtasunak duen garrantziaz jabeturik», erronka horrekiko atxikimendua azaldu zuten alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialetako ordezkariek.
ESAITekin bat egin duten eragileen adierazpenaren laugarren puntuan kirol batzorde iraunkor eta ireki baten sorreraz mintzatzen dira, «Euskal Herria aintzat hartuta eta aipatu helburuekin bat egiten dugun guztion babesarekin, elkarlanean aritzeko». Hala ere, batzorde honen gidaritza «kirol arloko eragileei» dagokiela argi utzi nahi izan zuten.
Azkenik, adierazpenaren bosgarren puntuan, Euskal Herriko Kirolariek sinatutako agiria «oso urrats garrantzitsua» dela esaten dute. «Zentzu horretan, gure babesa eskaintzeaz gain, gure konpromisoa azaltzen dugu, euskal selekzioaren ofizialtasunaren eta egitura nazionalen aldeko norabidean elkarlanean aritzeko».
Mutiloari kritika
Bestalde, ESAITek eta adierazpena sinatu duten eragile guztiek Patxi Mutiloa Lakuako Kirol zuzendariaren jarrera kritikatu zuten.
Duela aste gutxi, euskal selekzioen ofizialtasuna «helburu bat izan behar dela» adierazi zuen Mutiloak elkarrizketa batean. Egun batzuk geroago, ETBko kameren aurrean, aldiz, ez zuen esandakoa berretsi: «Euskal talde ezberdinek nazioarteko txapelketetan berdintasunez parte hartzeko aukera momentu honetan ez da gure helburuetako bat».
Adierazpena sinatu duten eragileen ustez, Mutiloak «nahasmenaren bidea jarraitu du». Selekzio espainolak Euskal Herrian jokatzeko aukeraren aurrean, honakoa adierazi zuten: «Herritar askok Euskal Herriko selekzioa ikusteko gogo handiagoa du espainola ikustekoa baino». Beraz, «lanean has dadila eta herriaren gehiengoak nahi duena errespeta dezala», exijitu zioten.
Selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenak oihartzuna batez ere abenduan izaten badu ere -futbol partida dela-eta-, gizarte eragileen hitzetan, «diskriminazioa urtean zehar gertatzen da, ez bakarrik abenduko futbol partidarekin».