«Adierazteko tresna gisa erabiltzen dugunez musika, hitzak garrantzitsuak dira»
Arkaitz Biain
Anger taldeko abeslaria
Hamabi urte bete berri ditu Anger taldeak taula gaineko ibilbidean. Urte hauetan guztietan ez da etenaldi edota geldiunerik izan, emanaldiak eta diskoak behar izan diren unean iritsi direlarik, presarik gabe, bakoitza bere momentuan. «Sedukzioaz» dute lanik berriena, eta sorkuntza propioko hamar kantuetan agerikoak dira taldearen musikaren garapena eta norabide berria.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Metal doinu oldarkorraz bustiriko maketa batekin estreinatu ziren diskografikoki 2000. urtean, eta bi urte geroago «Jarraitzen dugun itzala» kaleratu zuten GARAk martxan jarri zuen GazteMusika ekimenaren barnean, garaiko beste bederatzi talderekin (R, Neubat, Hyssopus, Ainke ...) osaturiko gazte sortzaileen bilduma interesgarri batean. 2005eko «Biluztu» diskoan metalak tokia galdu zuen eragin berrien mesedetan, eta kaleratu berri duten «Sedukzioaz» lanak aurreko bidean sakontzen duela esan daiteke. Musika eragin zehatz bati lotu gabe, Anger taldeak izaera propioko hamar kantu bildu ditu arrosa koloredun diseinu ederreko digi-pack batean.
Arrasate bezalako herrian, punk oi! doinuak eta rock & rolla nagusi direlarik, nola bizirauten du Anger bezalako talde batek?
Egia da Arrasaten historikoki gailendu diren doinuak horiek direla, eta eragin eta zeresan handia izan duten eta duten taldeen jaioterria izan dela argi dago, eta horrek nolabait markatu du herri honetako musika joera. Gugan ere estilo horiek eragina izan dutela esan dezakegu. Hala eta guztiz ere, beti egon dira musika joera horiekin zerikusi zuzena ez daukaten talde asko, esate baterako, El Desvan Del Macho, Gose edo Brutal Melody. Hiru musika talde ezberdin, estilo guztiz ezberdinekoak, baina Arrasaten nahiz Euskal Herrian zeresan eta eragin handia eduki dutenak. Orokorrean, mugimendu musikal eta kultural handia dago Arrasaten, rock-aren unibertso horretatik kanpo ere, maila eta joera ezberdinetan, musika bandatik hasi, trikitixa edo gaitarietaraino. Sormen aldetik herri emankorra dela esan dezakegu.
MusikHerria diskoetxearekin kaleratu duzue «Sedukzioaz» lana. Egunez egun herri egitasmo hori aurrera doa etengabean: talde berriak sortzen dira, erreferentzia berriak erein, egitasmo kolektiboak landu...
Euskal Herria, beste askoren artean, sormen nahiz mugimendu kultural aldetik ere oso emankorra da, eta horren isla ere bada MusikHerria bezalako proiektu bat. Gaur egungo musika ekoizteko eta kontsumitzeko ereduari alternatiba ezartzeko jaio zen kolektiboa, horretan sinesten dugu, eta horri eusten diogu. Badakigu ez dugula ezer berririk asmatu, eta badakigu ez garela bakarrak, baina esan bezala, gauzak ezberdin egiteko modu horretan sakondu nahi da. Kultura «egiteko» modu ezberdin horretan gero eta pertsona, talde edo egitasmo gehiago daude. Durangoko Azokan protagonista garrantzitsuena izan den Ahotsenea bezalako egitasmo bat, ez da kasualitatea.
Lau urte igaro dira «Biluztu» atera zenetik. Taldekide baten aldaketaz gain, musika norabidean ere bada berrikuntzarik. Erritmo lasaiak gehiago, baina betiko musika eztanda ere bai. Apurka, taldearen izaera marratzen ari zaretela dirudi.
Orain dela bi urte Aitor bateria-jotzaileak taldea utzi zuen, beste estilo bateko doinuetan zentratzeko, eta haren partez Iban sartu zen. Aldaketa honek eta aipatzen duzun denbora tarte horrek ere eragina izan dute musika norabidearen «berrikuntza horretan». Aurreko diskoa atera zenetik lau urte pasa direla jakinik, logikoa ere bada garapen bat izatea. Pertsona moduan eboluzionatzen dugun bezala, talde bezala eta musikalki ere aldatuz goaz, eta topikotzat jo daitekeen arren, izaera propioaren marratze horren beste pauso bat da lan berri hau.
Denbora aurrera joan ahala, metal giroak gutxituz joan dira zuen musikan. Hortaz, ahotsetan garapena eta gitarretan norabide berriak suma daitezke argiro.
Norabide berriak taldearen garapenaren isla dira. Sekula ez gara estilo itxikoak izan. Egia da erritmo oldarkor edo intentsuak izan direla gure musikaren oinarri, baina ez gara joera konkretu batekin identifikatzen. Beste askok bezala, gure musikaren baitan eragin ezberdinak sartu ditugu modu naturalean, elementu ezberdin horiekin, inkontzienteki, aurreko galderan aipatzen zenuen izaera propio hori apurka islatzen delarik.
Kantuen hitzak dira disko honetako beste puntu goren bat: testu luzeak, irakurketa anitzekoak... Letra zuzenenak dira, baina errazkeria eta panfleto kutsurik gabekoak.
Adierazteko tresna bezala ere erabiltzen dugu musika, eta hitzak oso elementu garrantzitsuak dira gure abestietan. Oro har, Euskal Herrian edo gaur egungo jendartean bizi dugunaren irakurketa partikularra dira gure letrak.
Testuekin batera, hainbat idazle eta artistaren aipuak irakur daitezke liburuxkan, zuek idatzitako letrei indar gehiago emanez. Tartean, RIP taldeko Karlos Mahomaren esaldi hunkigarri bat: «Ez dut nire zilborrari begira egon nahi, borrokari eutsi nahi diot».
«Biluztu» lanean bezala, honakoan ere besteen aipu edo testuak sartzea ez da kasualitatea izan. Gure diskoen beste bereizgarri bat dela uste dugu, eta nolabait, aipatzen ditugun idazle edo artistei errekonozimendu edo omenaldi antzeko bat egiteko ere erabili ohi dugu, izan ere, euretako askok gure testuetan eragin handia izan dute. Mahoma, Euskal Herrian punkaren ikono bat izateaz gain, tipo oso aktiboa izan zen, ekimen askotan parte hartzen zuena, eta «Ego-aldea» abestiaren letrarekin adierazi nahi duguna indartzen du berak esandako esaldi horrek.
«Ez gara gure baitakoak», «Gabon, eta zorte on», «Beleen zeruari su» diskoko abesti batzuen izenburuak dira. Izenburuetan egindako keinuak agerikoak dira.
Keinu ugari daude diskoan zehar, liburuxkan aurkitzen diren aipuetan, izenburuetan, hitzetan... Eraginak dira, erreferen- tziak, gure abestien parte, eta aurretik esan dugun bezala omenalditzat ere har daitezke. Egia da oso modu agerikoan agertzen direla aipatu dituzun izenburu horietan, baina kasu honetan Joxemiel Barandiaran/Joseba Sarrionandiaren edota El Corazon del Saporen izenburu horiek oso egokiak ziren abestien letrak laburbiltzeko.
Arrosa koloreko diskoa atera duzue eta lehen begiratuan erakartzen du CDaren diseinuak. Musikan ere, gero eta gehiago balio du kanpoko itxurak?
Disko honetan diseinuari dagokionez, Unai Bergararen laguntza izan dugu. Aspaldiko laguna da, eta artista ikaragarria, sormen handikoa, eta adierazi nahi genuena bikain islatu du diseinuarekin. Kolorearena bere proposamen bat izan zen, batzuen iritziz gure ustez dagokigun «gogortasunarekin» ondo ez datorren kolorea, baina gure iritziz hitzen nahiz diseinuaren edukiarekin guztiz bat datorrena. Diseinuari, hitzei nahiz musikari bezala, garrantzi handia ematen diogu gure lanetan, kanpoko itxura hutsaren garrantzitik harago, diskoarekin orokorrean adierazi nahi dugun horren zati garrantzitsua da.
«Erritmo oldarkor eta intentsuak gure musikaren oinarri nagusiak dira, baina ez dugu geure burua lotzen joera konkretu edo musika ildo zehatz batekin»
«Taldea zaletasuna baino gehiago da guretzako: sormen gune bat da, adierazteko modu bat... Gutariko bakoitzaren egoeraren arabera orekatzen dena»
Artista: Anger.
Diskoa: «Sedukzioaz».
Zigilua: MusikHerria.
Kantu kopurua: Hamar.
Iraupena: 39 minutu.
Sarean: www.angerweb.net.
Zuzenean: Urtarrilak 16, Durangoko EkonFest. jaialdian.
«Disko honetarako ez dugu beste inongo musikariren parte hartzea pentsatu. Hasieratik bukaeraraino, gu gaude entzungai, beste inolako sedukziorik gabe»
Arrosa kolorea, kolore polit bat bezala ikusten dugu: suabea, lasaia, arrisku gabekoa. Itxura horren atzean ordea, errealitate ezberdinak ezkutatu ahal dira, lehen begi kolpearen atzean, kolpekada bat ezkuta daitekeen bezala. Anger laukoaren «Sedukzioaz» lana arrosa kolorez jantzita dator. Itxuragatik, azkar batean erakartzen du, baina erakargarriena, bere barnean gordetzen du. Musikalki bada norabide berririk, ahots joko fin, eta batez ere gitarren langintza ederrek, base erritmiko indartsuari laguntzen diote, kantu bakarrean ekaitz eta barealdiak tartekatuz. Musikari hitzen indarra gehitzen zaio, jendartea aztertzeko ikuspegi berezi batez kantua borobilduz. Arrosa oldarkor bilakatzeko gaitasuna izan dute, eta hori, bada zerbait. K. OTAMENDI
«Beste leku eta areto batzuei muzin egin gabe, gaztetxe eta taberna txikiek osatzen duten zirkuitua erosoa eta egokia da talde batentzako»