GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kolonbiako presidentea, bide militarrari eutsiz

Caqueta departamenduko gobernadore Luis Francisco Cuellarren bahiketak eta heriotzak ez dute Alvaro Uribe Kolonbiako presidentearen jarrera aldarazi bahituen erreskateei dagokienez. Atzo bertan berretsi zuen Segurtasun Demokratikoko politikak eta bahituak erreskatatzeko bide militarrak indarrean jarraituko dutela, bahituen senideak bide horren aurka agertzen badira ere. Esperientziak ere ez dio arrazoia eman, are gutxiago bahituak Administrazioko goi karguak izan direnean, hala nola FARCeko gerrillariek 2002an Antioquiako gobernadorea eta Defentsa ministro ohia bahitu zituztenean. Gobernuak Caquetako gobernadorea hiltzea FARCeko gerrillari egotzi badio ere, oraindik ez dago argi nork bahitu eta hil duen Cuellar, beste hipotesi batzuk agertu baitira. Argi dago, ordea, Uribe ez dagoela akordio humanitarioen bideari heltzeko prest, eta ikusteko dago jarrera horrek zer eragin izango duen gerrillak askatu behar zituen bi soldaduren egoeran.

Kolonbiako errealitatea konplexua da oso, eta bertan dauden mota askotako indarkerien artean Gobernuarena berarena ez da samurrena. Ez da ahaztu behar Kolonbiako gobernuen eta estatu aparatuen eta paramilitarren arteko lotura tradizionala. Alvaro Uribek Segurtasun Demokratikoko politikaren aldeko apustua berretsi du, nahiz eta frogatuta dagoen hain zuzen ere ez dela ez segurua, ez demokratikoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo