GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Marrazoak gogoan lehengoan

Lara lara laralala lara lara laralala... Ez pentsa, oraindik habanera doinuaren oihartzuna dabilkit buru aldetik, joan-etorrian; hain da zabala oihartzun horrek nire buru barruan ibiltzeko duen espazio librea! Alderik ez egunotan komertzio guneetan nagusi den anabasarekin, joan-etorrian hamaika poltsa eskuan dabilen jende oldeekin... hortxe nahiko nuke nik saiatzen ikusi neure buruan hain eroso dabilen oihartzuna! Guneok jendez gainezka ikusi ditut, urrunetik ikusi ere, bete-bete eginda, eroslez lepo, poltsaz mukuru, hutsune faltan. Egunotan edozein txoko bihurtzen da eroski, apetak behar eginda. Irteera-operazioa eta itzulera-operazioa aitaren batean batera gertatzen zaizkie egunotan zorroko kreditu-txartelei. Di-da batean sartu-atera. Tira, aitaren batean eta amaren batean. Hor doa eroslea helburua lortuta, bi beso, bost opari, hamaika bil-ontzi, mila poltsa, gabonetako arbolak baino adar gehiago dituela. Garaipenaren ikurra ere egin nahi luke erosleak, horretarako atzamar bi libre izango balitu. Urtez urteko irudiak urteroko bihurtuta. Eta urteroko galdera aurten ere badut buruan, oihartzunaren bidaide, leku guztiak lepo eginda daudela aurton ere ikusita: non demontre dira jendez hustu behar diren lekuak beste leku guztiak jendez gainezka egon daitezen?

Ez, ez ditut gabonak gustuko. Are gutxiago Gabonetakoak. Egunotako larregizko argiztatzeak azalekoa azalez gehiegi argitu eta muinekoa erabat ilundu egiten duelakoan. Poztu egin naiz, saguzarrek beste, egunotan hemengo hiri handiren batean aparteko kale-argirik jarriko ez dutela entzun dudanean, ez hainbeste poztu gero horren arrazoia krisia dela jakin dudanean; krisia, eta ez ganora. Lastima! Krisiak krisiaren sorburua dena ezkutatu egiten duen seinale. Tira, aparteko argi artifiziala ere ETBn Eguberri gauean. Nor eta monarka, mihimotz. Alde egin nuen, saguzarrekin alde egin ere, itzalita nuen telebistaren aurrean ordubete biraoka ozen emanda, eta hagin zorrotzeko marrazo gosetiak gogoan. Itzalketa zein gauza ona den, logikoaz nago, ez analogikoaz. Kantauri alde honetako eguratsa denbora luze baterako kutsatuta geratuko zen emisio horren ostean, spam moduko uhin urdinak horretan zehar igarota. Ea, bada, urte berrian hemengo klima aldatzen dugun halako emisio-eskubiderik izan ez dadin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo