GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

J. J. Agirre, Zelai Nikolas, Martin Rezola eta Aitor Esteban I Tiraka taldeko kideak

Poeta kaxkarra

Euskaldun elebidunak gara euskara eta erdararen jabe. Elebidunok egiten dugu posible erdaldun elebakarrekin bizikidetza, eta ez alderantziz

Patxi Lopez lehendakariak Euskararen Egunean emandako adierazpen instituzionala irakurri genuen, harriduraz beste behin ere. Ez da sinistekoa lehendakariak euskarari, euskal kulturari eta, oro har, euskaldunoi buruz zein irudi desitxuratu eta txarra daukan berrestea, noiz eta Euskararen Egunean ere bai!

Euskaraz apenas dakien lehendakari honek, euskara eta libertatea «elkarrekin lotu»... «euskal kultura demokratikoa, tolerantea eta aurreiritzi gabea bultzatu» nahi omen du.

Euskal kultura ez-demokratikoa, ez-tolerantea eta aurreiritziz josia dela diosku lehendakariak. 

Ezagutzen du Lopez jaunak euskal kulturgileen lana? Ezagutzen ditu euskal kulturgileak? Horren izaera penagarria antzeman die? Atxagaz ari da? Lertxundiri buruz, Andu edo Benito? Leteren edo Uriberen gainean beharbada? Mikel Laboaz? J. C. Perezi buruz? Zumeta, Chillida edo Oteizaren gainean? Perurenaz edo Muñozi buruz? Baltzolaz, Mintegiz ala Urretabizkaiaz? Irastorza? Urkiza? Osoro? Arzak edo Arbelaitz? Epaltza, Barandiaran, Olasagarre edo Izagirre? Egaña? Lujanbio? Ordorika, Rueda, Murugarren, Gari, Zabala edo Etxart, Oihenart, Philips, Martikorena... horiek ote dira ez-toleranteen ezten eta buru? Anari... Ubedatarrak? Muguruzatarrak? Elorriaga? Jimenez... Edorta ala Jorge...?

Hain akusazio larriak egin (ohi) dituenak argitu behar luke euskal kulturgintza guztiaz ari den, unionista ez diren euskal kulturgileez ari den, edo nor demontreren gainean ari den behinik behin; euskal kulturgile guztien izena zikindu besterik ez baitu egiten horrela jokatuta, eta euskaldunoi, españolistarik atzerakoienek ezarri ohi diguten estigmaren zama handitu, euskal kulturari bizkarra emanda bizi diren euskal herritar erdaldun elebakarren artean batez ere. 

Euskara ez da ideologia konkretu baten ondare, ez horixe, baina onartuko du lehendakariak PSNn eta PPn, adibidez, ez dela ondare estimatuegia euskara. Tamalez, euskara ideologizatuta dagoela eta gisa horretako huskeriak esaten dituzte sarrien, euskarari ez entzunarena eta ez ikusiarena egin ohi dioten horiek, eta euskararekin ika-mika maltzur eta partidistarako soilik gogoratzen diren horiek. 

Euskal (Euskadiko?) instituzioei ere omen dagokie hiztunei bidea erraztea. Nola baina? Hezkuntzan edo Osakidetzan hartu berri direnen antzeko neurriak hartuz? Lantzean behin, euskaldunoi (euskal hiztunoi) buruz idazten dituzuen gaiztakeriak zabalduta? 

Lehendakari, bazterketarik gabeko bidearen premia dugu euskaldunok bereziki, euskal hiztunok, alegia. Euskaldun elebidunak gara euskara eta erdararen jabe. Elebidunok egiten dugu posible erdaldun elebakarrekin bizikidetza, eta ez alderantziz. Elebakar uniformistek eragiten dizkigute bizikidetza arazoak, euskarari bizkarra eman eta erdara uneoro inposatu nahi diguten horiek, euskaraz bizitzeko aukerarik urrienak ere zapuztu nahi lituzketenak. 

Aurreiritziak alde batera utzi eta hurbil zaitez euskaldunongana, lehendakari. Premia handia baituzu. Premia handia baitugu. Eta hori egiteko gauza ez bazara, utz gaitzazu bakean behintzat. Ez jokatu Koldo Izagirrek idatzi eta Imanol Lartzabalek famatu zueneko kanta zoragarri hartako poeta kaxkarraren antzera, mundua azpikoz gora, dena aldrebes jartzen zuen hark bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo