Xabier Lekuona (2009/12/26)
Igor Gonzalez
Euskalteleko managerra da Igor. Manager berria. Miguel Madariaga ordezkatu du txirrindulari taldean. Aurrekoa bezain zakur zaharra, prentsarekin agian aurrekoa baino zuhurragoa, baina zorrotza txirrindulariekin, zorrotza bere buruarekin. Ardura handia 36 urteko Igor Gonzalez Galdeano arabarrarentzat. Bizkaitarra da beste Igor. Gonzalez. Gonzalez Sola. Urtebete eta aste bat zaharragoa. Bai batak bai besteak 2005ean utzi zuten zerbait. Galdu zuten zerbait. Txirrindulariak ibilbide profesionala, askatasuna besteak.
Gonzalez Sola Donostiako Antigua auzoan atxilotu zuten. 33 urte zituela 21 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 54 urte beteta kalean.
Aurrekoan zainak moztu zituen Granadako espetxean Gonzalez gazteak. Aurretik Soto del Real, Burgos, Puerto de Santa Maria, Alcala eta Navalcarneron izan zuten. Gaixo dago, muga-mugan, tratamendua behar du. Jakin behar duten guztiek dakite hori. Tratu txarra besterik ez du jaso. Igor bat baino gehiago dago Espainiako eta Frantziako kartzeletan. Laguntza behar dute, mediku laguntza. Senideek ematen diete, lagunek ematen diete, posible denean konfiantzazko medikuek eman diete. Gainerakoek bakartu egiten dituzte, espetxez espetxe dantzan jarri, zainak motz ditzaten animatzen dituzte.