Patxi Lopezek adierazi du gizarteak normaltasunez onartu duela aldaketa
La Sexta telebista katearekin izandako elkarrizketan, Patxi Lopez lehendakariak Lakuako buru izaten daraman zazpi hilabete hauetan gizarteak aldaketa «normaltasun osoz eta oso ondo» onartu duela azaldu du, Euskobarometroak kontrakoa erakutsi duen arren.
GARA |
Patxi Lopez lehendakariak La Sextari azaldu zionez, Lakuako Gobernuaren buruan daraman zazpi hilabeteotan gizarteak «erabateko normaltasunez eta oso ondo onartu du aldaketa». Euskobarometroak kontrakoa dio: inkesta horren arabera, arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren %71ek ez dute bere gobernuarengan konfiantzarik. Mesfidantza handitu egin da, gainera, aurreko inkestatik oraingora.
Datu horiek eskuetan, Lopezek aitortu zuen «herritarrek esaten dutenetik ikasi» egin behar duela aurrera «jarraitzeko».
Lehendakaria ezker abertzaleari buruz ere mintzatu zen La Sextako albistegietan, eta «indarkeriaren mundutik askatzeko» eskatu zion. Bertako ordezkariekin berriz ere elkarrizketa hasiko lukeen galdetuta, argi utzi zuen gaur egun ez dagoela baldintzarik bera edo «beste edozein buruzagi demokratiko» Arnaldo Otegirekin biltzeko, «oraindik» ez dielako «ezer frogatu». «Zer sinesten zuen frogatzeko aukera izan duen aldiro, ETAren aginduetara makurtu da», esan zuen Elgoibarko politikariari buruz.
«Abertzaletasun erradikalean antza denez gertatzen ari diren mugimendu guztiek hitzetatik ekintzetara pasatzen direnean soilik izango dute garrantzia», azpimarratu zuen.
Munilla, PP, EAJ...
La Sextako albistegietan ekimen bat jarri dute martxan, urtero politikari bat bere lanagatik nabarmentzeko, eta Patxi Lopez izan da lehenengo aukeratua. Telebista kate honen arabera, joan den maiatzaren 5ean lehendakari izendatu zutenetik, «denen artean herrialde tolerante eta ikasi bat, modernitateari irekia, eraikitzeko asmoa» praktikara eraman du eta bere lehentasunezko helburua, hau da, ETAri amaiera ematea, lortzeko lanean dihardu.
«Urteko politikari» izendatu dutela-eta, Mamen Mendizabal albistegietako aurkezleak lehendakariari elkarrizketa egin zion Ajuria Enea jauregian eta elkarrizketaren lehenbiziko zatia eman zuten atzo telebistan.
ETAren egoeraren inguruan, «segur aski bere historiako momenturik ahulenean» dagoela adierazi zuen, nahiz eta argitu horrek ez duela esan nahi «ezin duela atentaturik egin». Erakunde armatuaren barruko ustezko zatiketa aipatu zuen.
Beste gai batzuk ere jorratu zituzten solasaldian. Jose Ignazio Munilla Donostiako gotzain izendatu berria «ez dagoela Euskaditik batere urrun» azaldu zuen, PPrekin sinatutako hitzarmena defendatu zuen eta EAJ oposizio agresiboegia egiten ari dela adierazi zuen, «oposiziora pasatzea irentsi ez balu bezala».
Lopez «urteko politikari» izendatu dute La Sextako albistegietan, «historiako lehenbiziko lehendakari ez nazionalista izateagatik».