GARA > Idatzia > Euskal Herria

Cimade elkarteari Hendaiako atxikitze zentroan sartzea ukatu diote

Laurence Hardouin Cimade-ko Baionako lehendakariak GARAri azaldu dionez, elkarteko presidente nagusiari ez diote Hendaiako atxikitze zentrora sartzen utzi. Estatu frantseseko bertze hainbat zentro bisitatu izan du eta horrelakorik gertatzen zaion lehen aldia da.

Maider IANTZI |

Agiririk gabeko etorkinak atxikitzeko Hendaian kokatutako zentrora joatekoa zen atzo goizean Cimade pertsona horiei laguntza juridikoa ematen dien elkarteko presidentea, Patrick Peugeot. Baina, Laurence Hardouin abokatu eta elkarte honetako Baionako lehendakariak jakinarazi zuenez, ez zioten bisita egiten utzi.

«Gure elkarteak zentroetara sartzeko eskubidea du, baimen berezirik gabe. Bizpahiru egun lehenago eskutitz bat idatzi genuen abenduaren 26an, goizeko hamarretan, presidentea Hendaiara etorriko zela abisatuz. Zentrora etorri zen beste kide batekin eta zentrokoek azaldu zioten prefetak ez ziola bertara sartzen uzten. Ez zitzaigun inoiz halakorik gertatu», hasi zen Hardouin kontatzen. Hagitz gertaera ezohikoa da, presidenteak Estatu frantseseko zentrorik garrantzitsuenak bisitatzeko aukera izan baitu.

Azalpenik ez

Bisita ukatzeko eman zizkioten arrazoiez galdetuta, oraindik ez zutela azalpenik jaso erantzun zion abokatuak GARAri. Hala ere, Cimadeko kideek bazuten susmorik. Elkartean badituzte pertsona batzuk zentro hauetako pertsona kopurua kontrolatzeaz arduratzen direnak. «Urte bukaera da eta kopuru batzuk errespetatu behar dira. Gure ustez, ez zuten nahiko presidenteak zentroan zegoen jendea ikustea».

Cimadek Hendaiako atxikitze zentroan ere etorkinak legearen kopuruak betetzeko erabiltzen direla salatu izan du. Haien aburuz, «kanporatzeen industrializazioa» gertatu da azkenaldian, eta horren ondorio da kuotak eta atxikitze zentroak hirukoiztu izana. Aldaketa horien erakusletzat dute Lapurdiko herriko atxikitze zentroa egiten ari den politika ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo