Etxean indartsu mantentzeko asmoz
Aktiboen zerrenda loditzen jarraitzeko asmoz bueltan da Walter Herrmann
K.A. I
Ez da kontabilitate ariketa bat, baina, pixkanaka Gasteizko taldea aktibo eta pasiboen arteko oreka lortzen ari da ezbairik gabe. Union Olimpiaren aurka ere praka motzak jantzi bazituen ere, ez zuen minuturik izan; gaur, ordea, dena ondo bidean, Walter Hermann minuturen bat jokatzeko moduan egongo da.
Pau Ribasek astean zehar esan du Real Madrilen aurkako garaipenak «animo handiak» hedatu dituela aldagelan, baina oraindik ere lan handia egin behar duela taldeak.
Talde andaluziarrak aste honetan bertan Ivan Radenovic hegal-pibotaren alta eman du. Serbiarrak badaki ACB Ligan jokatzea zer den, duela bi urte Akasvayu Gironan egon baitzen, eta ez litzateke arraroa izango gaur minuturen bat jokatzea. Kontuak kontu, serbiarraren laguntzarik gabe ere, Joan Plazak bloke bikaina eratu du, eta bere zigilua ezarri dio taldeari. Joko dinamiko eta alai batekin min handia eman die talde askori. Gainera, ondo dakite gasteiztarrek Cajasol dela ACB Ligan Zurbanon azken garaipena lortu zuena, 2008ko apirilean.