Berandu baino lehen
Bilbao Basketek gaur bertan hasi nahi du gorako bidea, etorkizunean hel daitezkeen zalantzak ekiditeko.
Une beroetan burua hotz mantendu behar dela esan izan da sarri. Hala, garuna hotz eta giharrak bero mantendu beharko dituena Bilbao Basket izango da. Izan ere, bizkaitarrek gogor egin beharko diote aurre Power Electronics Valentziako taldeari, azken emaitza txarrek eragindako egoera deserosoa baretzeko.
Sailkapeneko hamabosgarren tokian dago Vidorretaren taldea, jaitsiera postuetan dagoen Valladolid taldearekin berdinduta. Horregatik, puntuak pilatzen hasteko eta konfiantza gehiagoz jokatzeko, talde laranjaren aurka irabaztea ezinbestekoa dute. Chris Warrenen itzulerak dramatismo pixka bat kendu dio Alex Mumbruren bajari. Halere, kontuz ibili beharko dute bilbotarrek Spahijaren taldeak erakutsi duen orekarekin. Kanpotik zein barrutik min handia eman dezaketen jokalariz beteta dator aurkaria, eta azken neurketan Cajasolen aurka jasandako jipoiaren ostean ¯29 puntugatik¯ sailkapeneko aurreko postuetara gogorrago heldu nahiko du Spahijak.
Hurrengo bi jardunaldietan gertatzen denak, baina, goitik behera alda lezake Bizkaiko taldearen aldartea. Gaur, Valentziaren aurka jokatu ostean, hurrengo jardunaldian Santiagora bidaiatu beharko dute Vidorretaren mutilek, Obradoiroren aurka indarrak neurtzeko. Kopan sartzea ez da kezka bilbotarren aldagelan, baina anfitrioi lanak ahalik eta txukunen egitea, ardura handiz hartu dute bai jokalariek, bai talde teknikoak.
Vidorretaren hitz polemikoak
Aste honetan, gainera, Vidorretaren adierazpen batzuk piztutako garrek eman dute zeresana. Abenduaren 24an, «Deia» egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, honakoa esan zuen Indautxuko entrenatzaileak: «Miribillan taldea zuzentzetik gero eta urrutiago ikusten dut neure burua asteak igarotzen diren heinean». Hitz horiek segituan piztu zuten polemika. Taldearen kirol-egoera kaskarra ikusita ere, gutxik ulertu zuten esaldi horren zergatia, eta are gutxiago, une horretan esatea.
Kontuak kontu, laster eman zituen argibideak, esanez hitz horiek «elkarrizketa luze batek sortzen duen testuinguruaren barruan ulertu behar direla», eta taldean jarraitzeko «ilusioa oso-osorik» duela.
Benetan interesgarria izango da ACB Ligako hamalaugarren jardunaldi hau. Neurketa guztiak gaur jokatuko dira, gainera. Guztietan interes handiena piztu duena Real Madril eta Bartzelonaren arteko lehia izan da (20.30, La2). Baina ez dira hor bukatzen interes puntuak. Kopan sartzeko borroka gogortzen ari da egunak joan eta egunak etorri. Horretan, Unicajak eta Joventutek jokatuko duten partidak ere berebiziko ikusmina sortu du.