GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak

Dirua nabarmen aterako da Waltariren alde, Superprestigioko final handian

Jon LEUNDA I

Waltariren eta Ezkurraren arteko finala ikusi nahi zuten pilotazale guztiek, eta horrelaxe izango da, izan ere, Superprestigioko txapela lortzeko kubatarrak eta urruñarrak lehiatu beharko dute gaur arratsaldean Donibane Garazin, 17.00etan hasita.

Dirua nabarmen aterako da kubatarraren alde, edo hori da behintzat esaten dena. Hala ere, final honek ez du zerikusirik izango biek elkarren aurka jokatu zuten azkenekoarekin. Izan ere, trinketak zeresana izaten du, bakoitzak izaten ditu bere gustukoak, eta Waltariren jokoarentzat horren ona ez da Donibane Garazikoa, betiko trinketa baita, eta ez kristalezkoa.

Amerikarrak Kurutxari eta Harizmendi menderatu behar izan ditu finalera heldu aurretik. Bietan, sakeak izan du garrantzia, sekulako tanto piloa lortu baitu hasierako jokaldiari esker. Pilotari abiadura handia ematen dio, eta jokaldian bertan kintzea finitzen ez badu, hurrengoan egiten du. Jokoan, ordea gabezia dezente erakutsi du, eta hor izan dezake bere aldea Paxkalek, baina jokoan sartu aurretik errestoan izango du lana.

Horixe da lapurtarraren lana, berak garbi dauka errestoan egin behar duela ahalegin berezia, eta badaki pilota ez zaiola Modernen bezain bizkor ibiliko, zorua motelagoa delako, eta horretaz baliatu nahi du.

Urruñarrak partida bakarra jokatu behar izan du finalera heltzeko, bera baita egungo txapelduna. Finalerdietan arazorik gabe menderatu zuen Sorhuet, baina hori bai, itxura bikaina emanez. Gaurkoa, ordea, beste kontu bat izango da. Gainera, badirudi Waltarik tamaina ederki hartu diola Ezkurrari, buruz buru neurtzen diren bakoitzean amerikarra ateratzen baita garaile.

Azkeneko aldiz martxoan neurtu zituzten indarrak, Buruz Buruko finalean. Orduan kubatarra ari zen erabat nagusitzen, baina partida ez zen amaitu, urruñarrak min hartu baitzuen besoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo