GARA > Idatzia > Kultura

«Argitaletxearekin denbora luzerako sinatu dut eta ez da edonola galtzeko kontua»

p042_f01_148x168.jpg

Aitziber SALDIAS I Idazlea

Aitziber Saldias Torkemada Beasainen jaio zen 1989an. Idazle hasiberria da eta bere lehenengo eleberria kaleratu berri du: «Qenna» (ECU). Txikitatik datorkio idazteko zaletasuna. 2007an Urruzuno Saria irabazi zuen poesiaren atalean eta, urte berean, Beasaingo Udalak urtero antolatzen duen literatura lehiaketan aipamen berezia jaso zuen.

A. A. |

Fantasiazko eta misteriozko eleberri batekin ausartu da Aitziber Saldias bere lehenengo liburuan.

19 urte baino ez eta dagoeneko liburu bat argitaratu duzu. Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Egia esan, betidanik datorkit zaletasun hori. Denbora libre apur bat nuen bakoitzean hasten nintzen zerbait idazten, bai etxean, bai klasean... baina normalean istorioak beti erdizka uzten nituen, idazten ari nintzela beti milaka ideia berri otutzen zitzaizkidalako eta, noski, ezin denak idatzi! Baina zaletasuna, esan dizudan bezala, idazten ikasi nuenetik.

Lehenengo euskaraz idatzi zenuen, baina ez zenuen argitaratzerik lortu. Zein izan da topatu duzun egoera?

Bueno, egia esan ez nintzen argitaratze prozesuraino iritsi. Eleberri erdia edo idatzita nuenean konturatu nintzen askoz ere zailagoa izango zela euskaraz zerbait argitaratzea gaztelaniaz baino, gaztelaniaz merkatu zabalagoa dagoelako, baita idazle berrientzat espresuki sortutako argitaletxeak ere. Ez dakit euskaraz horrelako argitaletxerik existitzen ote den, baina bestela ikaragarri zaila egiten da idazle berri batentzat bere obra argitaratzea.

Beraz, zeuk hartutako erabakia izan zen gaztelaniaz argitaratzea, egoera zein izango zen aurreikusita?

Bai, publikatzeko zailtasunagatik batez ere. Bestalde, orain, argitaratuta dagoela, konturatzen naiz euskaraz idatzi izan banu, ezagutzen dudan jende askok ezin izango zuela ulertu. Adibidez, atzo bertan esan zidaten A Coruñan erosi berri duela lagun batek ale bat!

Titulua bera deigarria da. Nondik dator «Qenna»?

Aspalditik dudan Internet bidezko lagun baten izenetik. Haren izena Qerenne da, eta beti esaten nion oso izen kuriosoa zuela eta noizbait eleberri fantastiko bat edo idazten banuen zerbaitetarako erabiliko nuela. Egia esan beti txantxetan esaten nion, baina «Qenna»ren ideia bururatu zitzaidanean, berehala gogoratu nintzen haren izenaz. Konbinazio ezberdinekin saiatu eta gero iritsi nintzen Qenna izenera.

Misteriozko eleberria da, hiri batean haurrak desagertzen dira.

Egia esan, misteriozko eleberri baten antzera hasten bada ere, zientzia-fikziozko eleberri bilakatzen da berehala. Protagonista Oskitz Urkizu donostiarra da. Gau batean argi urdin batek irensten du eta esnatzerakoan Qenna izeneko planeta batean aurkitzen du bere burua. Hortik aurrera, eleberriak planeta horretan bizitzen dituen abenturak kontatzen ditu. Bertan jende ezberdina ezagutzen du, arraza ezberdinetakoa, eta denak batera etxera itzultzen saiatzen dira.

Hemendik aurrera, zer? Idazten jarraitzeko asmoa duzu?

Noski baietz. Lehenik eta behin «Qenna»ren bigarren zati bat idatzi beharra daukat, baina gerorako badauzkat mila eta bat ideia ezberdin, zenbait erdi idatzita dauzkadala. Argitaletxearekin denbora luzerako sinatu dut kontratua, eta hori ez da edonola galtzeko aukera bat!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo