Animadeba gaur abiatuko da «Vals con Bashir» filmaren emanaldiarekin
GARA |
Animadeba animaziozko zinemaldiak bigarren edizioari ekingo dio gaur. Jaialdiaren barruan eskainiko den lehenengo filma «Vals con Bashir» izango da, Ari Folmanek zuzendua. Bigarren jardunaldian, astelehenean, 2009an Nontzefilm lehiaketan parte hartu duten film laburren emanaldia eskainiko dute, Euskal Herriko zein nazioarteko egileen lanak ikusteko aukera izango delarik.
Gari, zuzenean
Euskal sorkuntzaren ildotik jarraituta, zinemaz gain pauso bat harago emango du Animadebak bigarren edizioan. Astelehenean, Gariren zuzeneko kontzertua eskainiko du, non «16 kolore» diskoa aurkeztuko duen. Kongora egin zuen bidaia baten aurretik grabaturik utzi zuen Garik lan berri hori. Urteek ematen duten ikuspegiarekin, atzera begirako sotil bezain sentikorra aurkezten du kantariak bere musika ibilbideari errepasoa eginez. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, Aitor Oñederrak abeslariarentzat egin dituen hainbat bideo eta bideoklip ikusi ahal izango dira aldi berean. Sarrerak salgai daude Debako turismo bulegoan, 10 euroan.
Animadeba Tailerra
Filmen emanaldiez eta zuzeneko kontzertuez gain, Animadebak tailer berezia eskainiko du bihartik asteazkenera bitarte, 10.30etik 13.30erako ordutegiarekin. Bertan, bi talde bideratuko dira; bata gazteei zuzendua eta bestea helduei. Antolatzaileek ohartarazi zutenez, haurrei zuzendutako taldea osatuta dago dagoeneko baina helduen taldean badago tokia. Izena emateko epea gaur amaitzen da, eta 20 euroko prezioa du. Parte hartu nahi izanez gero, turismo bulegora jo. Tailer horietan, sortutako marrazki edota panpinak bizidun bihurtuko dira mugimendua emanez. Nortasun propioa ezarriko zaie eta kontrolatu egingo dira. Mota ezberdinetako jakintzak garatuko dira: ordenagailuari dagozkionak edo zinemari dagozkionak, esaterako.