S.A., Def Con Dos, Ken Zazpi, Obrint Pas, Bizardunak, Goar Cicatriz, Boikot eta Trikidantz, aurten, Hatortxu Rock jaialdian
GARA |
Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak bere hamaikagarren edizioa egingo du datorren urtarrilaren 9an. Iazko esperientziaren ondoren, antolatzaileek berriz ere egun bakarreko jaialdia prestatzea erabaki dute. Beraz, urtarrilaren 9an, arratsaldeko 18.30etik aurrera, «entre cementerios» izenarekin ezagutzen den Atarrabia eta Burlata arteko gunean egingo dira zuzeneko kontzertuak. Sarrerek 20 euroko prezioa izango dute aurrez erosita eta 25 eurokoa, leihatilan. Kontzertuak bi agertokitan egingo dira antolakuntzak ohar baten bitartez agertu zuenez, karpa erraldoi banatan, bakoitzean lau talderen doinuak entzungo direlarik. Festa osatzeko hainbat DJ egongo dira, une horretan kontzerturik ez dagoen karpan musika jarriz.
Zortzikotea zuzenekoetarako
Egun bakar batez egingo bada ere, Hatortxu Rockek ez du bertaratzen diren zaleak erdizka geratzerik nahi. Horretarako, etenik gabeko musika gaua aurreikusi dute, zortzi talderen ekarpenarekin. Obrint Pas talde valentziarra izango da haietako bat, reggae, folk, cumbia edo Balkanetako soinuak hardcore melodikoarekin nahasten arituko direlarik. Musika mestizoa, ehuneko ehunean.
Hasiera batean Freddy Krueger y los Masters del Universo izenarekin baiatu zen Def Con Dos ere jaialdian izango da, baita Boikot talde madrildarra ere, punk rock estiloaren ezaugarri nagusiak biltzen. Konpromiso soziala eta abestietako mezu politikoa izango dira nagusi 1987an abiatu zen taldearen doinuetan. Euskal musikariei begira, Eñaut Elorrieta buru duen Ken Zazpi taldea ere bertan izango da, pop rockari leku berezia eskaintzen.
Soziedad Alkoholikak ere bere ekarpena egingo du urtarrilaren 9an egingo den elkartasun jaialdian. Gauza bat dela edo bestea dela, nork ez du ezagutzen S.A.? Azke hilabeteetan kaleratu dituzten lanak aurkeztuko dituzte Hatortxuko jarraitzaileen aurrean, betiko melodiei hutsik egin gabe.
Bizardunak, musika talde nafarrak Irlandako rebel music estiloaren ekarpenak egingo ditu, euren izateko arrazoi nagusia «euskal folk erradikala» dela aldarrikatuko dutelarik.
Goar Iñurrieta, Cicatrizeko gitarra jotzaileak ere Cicatrizen kanturik arrakastatsuenak eramango ditu agertoki gainera. Taldeen bilduma ixten, Trikidantz Leitza-Doneztebe aldeko erromeria taldea; Hatortxu Rockeko lagun zaharrak, bosgarren edizioan zuzenean aritu baitziren.
Urteak aldaketa gutxi eman duenez, Hatortxu Rocken helburuetako bat jendea sentsibilizatzen saiatzea izango da, Estatu espainol eta frantsesean dauden 760 euskal preso politikoak kontuan izanda eta, are gehiago, haien senideek astero haiek bisitatzeko egin behar dituzten kilometroak milaka direla azpimarratuta. Elkartasunarekin urteroko zita, beraz, berriro errepikatuko da, aurtengoan, Atarrabia eta Burlata artean.