Angeles Burgoa Arkotxa eta Koldo Ituarte Arkotxa (*) I Ondarroako Udaleko zinegotzi ohiak
Herri oso baten bahiketa
Liher Goienetxea Astilllas-i gutun irekia Ondarroatik.
Gure agurrik eta eskerrik beroena duela egun batzuk argitaratu duzun «Herri oso baten bahiketa» artikuluagatik.
Nortzuk garen gu? Bada, zuk hain egoki deitu diozun «Ondarroa herri bahitu» honen alkatea eta zinegotziak, herritarren gehiengoak aukeratuak. Gurekin batean, Udalbiltzari egingo zaion epaiketa lotsagarriari aurre egiteko bildu garen 1979. urteaz geroztikako Ondarroako ezker abertzaleko alkate eta hainbat zinegotzi ohi.
Gure esker ona, zuri, Astillas laguna, Ondarroa gure herri honen bahiketa kaleratu duzulako berriz ere. Badirudi denok ontzat ematen dugula gure herri honen egoera antidemokratikoa.
Baina ez! Hor atera zara zu gure egoera antidemokratikoa oihukatzeko eta salatzeko. Bidenabar, ondarroarroi ere belarritik tirakada bat egin diguzu, mutu baikaude sufritzen ari garen bidegabekeria salatu gabe.
Baita gure esker ona ere, zuri, azkenaldi honetan «Alakrana» arrantza ontziaren bahiketa dela-eta, Felix Aranbarri gure herritarrak bete duen lana (?) salatzeagatik. Ondarroako alkate-aulkia sekuestratuta eduki arren, alkatearena egin du, beste herri batzuetako alkateekin mahai-inguruetan lotsagabeki eserita.
«Ondarroarengatik ere erreskatea ordaindu behar da, Felix Aranbarri jauna?» galdetuz amaitzen duzu zure artikulua. Utziko diguzu, Astillas laguna, galdera horri erantzuten? Baina ez zuri, Astillas, Felix gure aspaldiko lagunari baizik.
Felix laguna, ez duzu inolako erreskaterik ordaindu eta gestionatu beharrik, ondarroarrok ez baikara bahitzaileak. Ondarroan inor bahitzailea izatekoan, zeu izango zara, Felix. Izan ere, ez al dauzkazu zeuk, Felix, ondarroar gehienon botoak sekuestratuta?
Idatzi hau sinatzen dugun gaur egungo alkate eta zinegotziok (herritarrek aukeratuak), eta 1979. urteaz geroztikako hainbat zinegotzi ohik gauza bakar bat eskatzen dizugu, Felix: hots, Alkatetza aulkia utzi eta Unai Urruzunori, herritarrok aukeratutako alkateari, berehala itzul diezaiozula.
Demokrazia eta herritarron bakea aterako dira irabazle. Baita zure bakea ere, Felix.
(*) Angeles Burgoa Arkotxa eta Koldo Ituarte Arkotxaz gain, Ondarroako Udaleko beste 19 zinegotzi eta zinegotzi ohik eta beste 15 herritarrek ere sinatu dute idatzi hau.