GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Askatasuna aldarrikatzen dugu!

Uhin asko daude, baina norabideak bera izaten jarraitzen baitu, abertzale asko gaude, desberdinak, baina itsasontzi berean igotzeko garaia heldu zaigu

Kontsumoa, kontsumoa, kontsumoa, besterik ez da egunotan. Supermerkatuak jendez beteak eta gehiegikeria denak onargarri iduriz. Krisia dela-eta saltokiak ez dira husten, ezin aseak garela ematen du.

Zenbait tokitan karrikak alaitzen saiatu dira, Olentzerori bere tokia egiten. Uholdeen gisan, sakatzen digute Papa Noelen irudia, etengabe, zoko guztietan. Ez da gauza erraza Olentzero kari kostaldeko herrietako karriketan beste animazio motak antolatzea. Batzuk ahalegindu dira, espero dezagun animo horiek indartuz joanen direla ondoko urteetan, funtsezkoa baita gure karriketan beste eskaintzarik egitea eta jendea karrikara erakartzea. Telebista eta ordenagailuek ez dute gure arteko elkartasuna, gure herrietan beharrezkoak ditugun proiektuen alde lan egiteko antolaketa bermatzen.

Bukatzen ari zaigun urtea nahiko beltza izan da. Estatu Batuetan gertatu omen den atentatu saiakerak ez du deus onik iragartzen. Gertakari horretaz ez dugu deus jakinen, alegia horren inguruko desinformazio mailan manipulazioa neurri handikoa izanen da. Ondorioz, goaita dezakeguna da soilik «terrorismoaren» aurkakoa deitutako gerla indartuz joanen dela eta neurri legal zorrotzagoak sortuko direla.

Hau baita heldu zaiguna, zapalketarako neurri emendatze bat, prentsa baliatuz. Irrintzi taldeak egindako atentatuak sekulakoak omen dira, hiru gazte atxilotu zituzten, haien gainera sekulako ardura erortzen zela. Poliziaren erranetan, ez omen zuten harremanik euskal mugimenduarekin, erreferentzia bakarra polizia baita erreportarientzat. Haiek erabakitzen dute gaur egun nor den abertzalea eta nor ez. Alegia zure aita edo ama abertzalea baldin bada, manifestaldi baten ondoan pasatzen zarela erosketak egiten dituzularik, momentu horretan istiluak izan eta atxilotua baldin bazara, presondegira zoaz zuzenean. Poliziaren araberan, genetikoki hori ezinezkoa da!

Hori dela-eta, hiru atxiloketa horiekin urteko gazte lanjerosenak lau paretaren artean zeuden. Alta, egun batzuk pasa eta bat kanpoan dago. Berriz ere, atxiloketa horiek arintasun ikaragarriarekin egin ziren!

Ondoko hilabeteetan, abertzale oro galdekatua sentituko da, abertzaletasunaren aurkako erasoa ez baita gelditzen, jende asko zain gelditzen ari da, zer gerta daitekeen ikusteko. Alta, garaiak parte-hartzailea izan behar du, norabidea abertzaleok finkatu behar dugu, eta ez da inor soberan egongo, bai mobilizazioetan, kontzentrazioetan, manifestaldietan estatuek erabaki duten erasoaren aurka joateko. Castillo Suarezen poema batekin bukatu nahi dut urtea, Maialenen finaleko azken bertsuarekin batera:

«Jarrai dezagun pentsatzen dena dela eginkizun; jarrai dezagun pentsatzen dena dela egingarri».

Uhin asko daude, baina norabideak bera izaten jarraitzen baitu, abertzale asko gaude, desberdinak, baina itsasontzi berean igotzeko garaia heldu zaigu, parean itsasontzi bera erabiltzea erabaki duten bezalaxe. Askoz arma gehiago eta indartsuagoak dituzte, baina arrazoia ez da haiena, gure nahia legitimoa da. Inor zapaldu gabe, gure aldarrikapena askatasuna da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo