GARA > Idatzia > Euskal Herria

Seme-alabekin gabonetako oporretan zer egin ez jakitea aspaldiko kontua da

Puzgarriak, izotz pistak edota rokodromoa dira, besteak beste, Euskal Herriko hainbat txokotan Eguberriotan haurrekin jarduteko proposatutako aukera batzuk. Hamabost eguneko oporraldia betetzeko hamaika aukera baitaude, gustu eta adin guztietarako, gainera.

gooming.jpg

Oihane LARRETXEA I

Eskolako oporrak heltzearekin batera, gurasoentzako ardura ere iristen da etxeetara: zer egin seme-alabekin hainbeste egun aurretik izanik? Nora eramango ditugu asper ez daitezen? Galdera hauei erantzun egokia topatzea erronka izaten da aita eta ama gehienentzat, aniztasuna ezinbestekoa baita seme-alabek aisialdiaz goza dezaten. «Arazo» honi irtenbidea emateko helburuaz, gero eta gehiago dira Euskal Herriko leku batean zein bestean Eguberrietako oporretarako antolatutako ekintzak; hamaika aukera, adin eta gustu guztietara egokituak.

Donostiako Kursaalen PIN edo Haurren Gabonetako Parkea prestatu duten zazpigarren urtea da honakoa, eta larunbat goizean jende andana zebilen ateak ireki berriak bazituen ere. Beheko aldean, adinen araberako jarduera eta jolas ezberdinak daude, lasaiak nahiz ahalegin fisikoa eskatzen dutenak. Aurpegiak margotu, txapak egin edo txu-txu trenean ibiltzea txikienei zuzendutakoak dira, baina hamabi urteko gaztetxoek ere badute nola gozatu: «goming» izeneko aparailu erraldoiarekin, hain zuzen. Arnesa jantzi eta salto eta salto ibiltzea da jolasa, zein baino zein gorago igotzeko norgehiagokan. Nerea Vallejo koordinatzaileak jokoaren arrakasta baieztatu zuen: «Haurrei izugarri gustatzen zaie, eta sekulako ilarak osatzen dira urtero; izan ere, joko ezberdina da, gutxitan izaten baita bertan ibiltzeko aukera», arrazoitu zuen. Bide-heziketa sustatzeko helburua duten autoek ere jarraitzaile asko dituzte bertaratutakoen artean. Trafiko seinalez josita dago ibilbidea, eta gidariek horiek guztiak errespetatu beharko dituzte, puntuak galdu nahi ez badituzte.

Gasteizen, bestalde, urteak dira aire librean izotz pista jartzen dutela. Aurtengoan badu berritasunik, hala ere: azken sei urteetan Florida parkean izan den pista, estreinakoz Andre Maria Zuriaren plazan eraiki dute. Kexuak kexu, Leirek, bertako begiraleetako batek, gogotsu animatzen du jendea bertaratu dadin: «Nik Gabonak izotz pistarekin lotzen ditut, urteren batean jarriko ez balute, falta sumatuko nuke: haurrei beldurra galtzen irakatsi eta apur batean patinatzea oso dibertigarria da eta hurrengo urtean errepikatzen dutela ikustea, oso pozgarria».

Gurasoekin joan, gurasoekin gozatu

Etxeko txikiak dibertitu eta entretenitu daitezen, gurasoak izaten dira Gabonetako ekintza berezietara eramaten dituztenak, eta horregatik, gurasoek, seme-alabak eramateaz gain, bertan beraiekin jolastearen garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek: «Ateak ixten ditugunean egindako kontuetan ohartu izan gara hiru haur bakoitzeko bi heldu etorri direla gutxi gorabehera, baina horrez gain, barruan daudela, seme-alabekin ikusten ditugu jolasean, eta hori areagotzeko jolas zehatzak antolatzen ditugu», azaldu du Vallejok.

Aurten, esaterako, Wii bideojokoak jarri dituzte, eta bertan ari ziren eskuak etengabe astinduz haurrak aita, ama nahiz izeba-osabekin. Amaiurrek sei urte besterik ez ditu, eta ez da Kursaaleko Gabonetako Parkean izan den lehen aldia; bai, ordea, Wii bideojokoan aritu dena. Alboan zuen aita, eta berarentzat ere gauza ezezaguna zen kolorez betetako pantaila handi hura: «Egia esan probatzeagatik gerturatu gara, jolasten gehiegi jakin gabe, baina tarte polita igaro dugu txirrindu lasterketa egiten. Oraindik ilararik ez dagoenez, piraguan ibiltzeari ekingo diogu, ea nork irabazten duen», zioen Amaiurren aitatxok.

Berriozarreko Rocopolisen ere badakite zer den haurrek eta gurasoek aisialdiko ekintzak partekatzea. Rokodromo honetan bakarkako ekintzak eskaintzeaz gain, familian egitekoak ere antolatzen dituzte. «Gurera eskaladan adituak direnak etortzen dira, baina hasiberriak ere bai, eta txikiak ikasten jarrita, bide batez gurasoek ere aprobetxatzen dute askotan, saiatzeko bada ere. Egun pasa polita egiten dute familian».

Parke berezi hauen helburua betiere tarte dibertigarria igarotzea da, gauza berriak egin, gozatu eta bueltatzeko gogoa izatea. Sarrerak ez dira garestiak izaten, eta izotz pistak izan ezik, ez dute bertan egoteko denbora mugarik: «Gure salneurriak ez dira orduko, eguneko baizik, behin sartutakoan, aspertu arte gera daiteke jendea bertan, eta etxetik bazkaria ekartzeko aukera eskaintzen dugu Euskal Herri osotik etortzen baitira gurera», diote Rocopolisekoek. Donostian, berriz, urtarrilaren 3an itxiko dute Kursaaleko Haurren Gabonetako Parkea, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizun koloretsuarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo