ESKALADA I Taldea
Debagoieneko eskalatzaileen ekimen fresko eta adoretsua
Debagoiena Eskalatzaileak taldea ehun bat lagunek osatzen dute. Makina bat ekimen antolatzen dituzte, eta haien helburu nagusietariko bat harrobia lantzea da. Taldea izaten ari den arrakasta dela-eta, azpiegitura egokiagoak aldarritzen ari dira.
Andoni ARABAOLAZA |
Ez da batere ohikoa, baina, bederen, tantaka bada ere, gertatzen da. Debagoiena Eskalatzaileak taldeari buruz ari gatzaizkizue. Bai, mendiko taldeak oso sustraituta daude Euskal Herrian; eskalada taldeak, aldiz, ia ez dira existitzen. Eta, hein handi batean, kontraesan baten aurrean gaude; izan ere, eskaladak eta batez ere kirol eskaladak indar handia duelako.
Baina esan dugun bezala, zorionez, errealitate hori irauli egiten duen adibide bat badugu. Debagoienekoen kasua ulertu ahal izateko, irakurleak jakin behar du bailara horretan kirol eskaladak makina bat jarraitzaile izan duela betidanik. Harrobi fina, goi mailako espezialistak eta ikaragarrizko motibazioa.
Debagoiena Eskalatzaileak Taldearen «errudun» nagusia edo alma mater gisakoa Josean Mulas dugu. GARAri aitortu dionez, taldea sortuko zela oso nabarmena zen, besteak beste, aurreratu dugun bezala, bailara horretan eskalada erabat errotuta egon delako: «Adibidez, kanpoko zein bailarako eskalatzaile batzuen aldetik, Araotzeko eskalada eskolari forma eman genion. Eta denboraren poderioz, ia ohartu gabe, Araotz Euskal Herritik kanpo atera dugu; hots, nazioarteko izaera eman diogu. Honekin batera, aipatu behar dut rokodromoen fenomenoa Arrasatera iritsi zela, eta eskalatzaileak entrenatzen hasi ziren. Ondoren, EMF Euskal Mendizale Federazioak teknifikazio zentro bat sortzea proposatu zidan, eta nik aurrera atera nuen. Eta, azkenik, ibilbidearen beste urrats logiko bezala, eskalada taldea iritsi zen».
Debagoiena Eskalatzaileak taldeak 100 bat bazkide ditu, eta urtero 12 euroko kuota jartzen dute: «Diru-iturri hori eta jasotzen ditugun beste batzuk, eskalatzaileen beraien jarduerara bideratzen ditugu. Ohartu gara mendiko taldeek eskalatzaileen alde ezer gutxi egiten dutela. Nahiz eta lehiaketetan parte hartu, geure jarduera mendian egiten dugu. Baina, esan dudan bezala, mendi taldeek ezer gutxi egiten dute. Hutsune hori, eskalada talde baten falta, ikusten genuen, eta horregatik sortu genuen geure taldea. Guk, adibidez, inguruko eskalada eskoletan zaharkituta dauden segurtasun gailuak geure diruarekin aldatzen ditugu. Eskalatzaileren batek ekipatzeko laguntza eskatzen badigu, txosten bat eskatu, eta egokia iruditzen bazaigu, lagundu egiten dugu. Horrez gain, Santamas Txapelketa Herrikoia atontzen dugu; gazteekin hiruzpalau aldiz Rodellar-era irteten gara... Ikusten den bezala, ez gara geldirik egoten».
Bai, Debagoiena Eskalatzaileak Taldeak oso argi zuen. Izugarrizko potentziala edo indarra ikusten zuen bailaran, eta talde bat sortzeko aukera hori ez dute galdu nahi izan.
Mulasek gehitzen duenez, eskalatzaileek beraiek oso gustura hartu zuten ekimena: «Debagoieneko eskalatzaileak batzea zen nire helburua. Ez da batere erraza izan, eskalatzaileak, berez, oso hippyak direlako. Baina azkenean konturatu dira taldeak onura asko ekarriko dituela. Eta horretan gaude».
Oso gazteak, nerabeak, helduak, beteranoak, maila guztietakoak... guztiak ala guztiak elkartzen ditu eskalada talde honek. Baina batez ere, gauza guztien artean, Mulasek oso helburu zehatz bat du: «Nik teknifikazio zentro bat bideratzen dut, eta, horrela, bada, nire xede nagusietariko bat eskalatzaile gazteak ateratzea da; hots, harrobiaren zutabea indartzea. Ni, berez, mendian eskalatzen hasi nintzen, baina lehiaren zein entrenamenduaren munduek ere harrapatu ninduten. Arroka ez bada, lehiak hor daude. Eta, jakina, beteranoek ez bezala, gazteek oraindik ez dute arrokara joateko aukera asko. Taldeko gazteak lehien munduan harrapatuta geratu ziren segituan. Agian, arrokak baino gehiago motibatzen ditu. Nagusiak direnean eta autonomia dutenean, orduan bai, seguru, arrokara joango direla».
Oso emaitza onak
Inolako zalantzarik gabe, Mulas gazte horiekin egiten ari den lana emaitza bikainak ematen ari da. Eta horiek guztiak lortu ahal izateko, oso plangintza egokia ari da aurrera ateratzen taldeko burua. «Neguan hasten da benetako entrenamendua. Gimnasiotik pasatzen gara, bolumena egiten dugu... Helburua, jakina, garai ona hasten denerako puntu-puntuan egotea da. Eta hori maiatza edo ekaina aldera izaten da. Lehiak ere tartean dira, eta saiatzen naiz eskalatzaile hauei sasoi zehatz batzuetarako eragiten. Horietako bat maiatzean izaten da eta bestea urria aldera. Arrasateko boulder aretoan entrenatzen dugu, eta, aitortu behar dut oso txiki geratzen ari dela. Adibidez, 100 mugimendutako zirkuituak egiteko ez dugu lekurik».
Nahiz eta azpiegitura horrek taldearen plangintza mugatzen duen, eskalatzaile gazte zein nagusien ilusioa ez da itzaltzen. Mulasek jakin badaki gazteen taldeak gero eta indar gehiago hartuko duela, eta horregatik boulder areto batetik rokodromo batera salto egiteko aukera aztertzen ari dira.
Bai, eskalatzaile asko pilatzen da boulder aretoan, eta hori ere arrakastaren adierazletzat hartzen du Mulasek: «Ez ditut soilik gazteak entrenatzen. Nagusiak ere ohartu dira entrenamendu egoki batek asko laguntzen diela. Eta, horrela, bada, nagusiak ere entrenatzen ditut. Astean zehar 30-40 eskalatzaile entrenatzen dut. Arrakasta da, baina azpiegitura gehiago behar dut. Gazteen lanarekin oso gustura nago, baina nagusienarekin ere pozik nago. Horietako batzuk lantegian 8 ordu egin, entrenamendura etorri eta arrokan, adibidez, 8c edo 8c+ kateatzen dute. Harrigarria da».
Arrokan zein lehiaketan, gazteak zein nagusiak, Debagoiena Eskalatzaileak Taldekoak edonon ikus ditzakegu. Beti motibatuta eta beti dena ematen. Eta, arestian aipatu dugun legez, oso emaitza onekin: «Orain dela 5 urte gogor hasi ginen gazteekin lanean. Batzuk arrokan 8a+ egiten ari dira. Eta lehiaketetan, lehen ez ziren finaletara sailkatzen eta egun hasi dira podiumetara igotzen. Ikusi dut asko hobetu dutela. Eta gazteek eurek gehiago eskatzen didate. Horretaz gain, oso ederra da ikustea gurasoen aldetik jasotzen dudan babesa; beti laguntzeko prest dira. Gainera, gero eta gehiago dira euren seme-alabak taldean sartu nahi dituztenak».