GARA > Idatzia > Euskal Herria

La Arena hondartza «salbatzeko» elkarretaratzea egin dute herritarrek

Muskizeko eta Zierbenako 150 herritar bildu dira La Arena hondartzan, egiten ari diren dragatze lanen aurka egiteko. «Ez dugu onartuko gure osasunarekin eta herriekin jolasean jarrai dezaten», ohartarazi zuten.

GARA |

La Arena Hondartza Desagertzearen Aurkako Plataformak deituta, Muskizeko eta Zierbenako 150 herritar bildu ziren larunbatean hondartzan, Bilboko portua handitzeko egiten ari diren dragatze lanen kontra daudela erakusteko.

Berriki sortutako talde honek paraje honetan itsas hondotik hondarra ateratzeko hasi dituzten lanak gaitzetsi zituen. Azaldu zutenez, Bilboko Portu Agintaritzak milioika metro kubiko harea eta itsas hondoko gai ateratzeko baimena eman die bi dragari, kosta «ur azpiko harrobi erraldoi bat» balitz bezala.

Elkarretaratzean parte hartu zuten lagunek ohartarazi zutenez, lan horien bidez hamarkadaz hamarkada meategiek, siderurgiak eta enpresa kimikoek sortutako eta Bilboko itsasadarretik hondartzara iritsitako hondakinak mugitu eta uretan barna zabal daitezke, eta bertan bainatzen diren herritarrak edo surfean edo beste edozein kiroletan aritzen direnak kaltetu.

Hondartza oso bisitatua

«Ez gaude prest gure osasunarekin eta gure herriekin jolasean jarrai dezaten onartzeko, eta horregatik esan behar diegu ezetz La Arena hondartza dragatzeko lanei», adierazi zuten plataformako kideek.

Nabarmendu zutenez, hondartza hau da Bizkaian jende gehien biltzen duena. Beraz, parajearen osasuna zaintzea ez zaie muskiztar eta zierbenarrei soilik komeni, baizik eta askoz jende gehiagori. Hondartza babesteko ekintza gehiago egiteko asmoa dutela jakinarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo