GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Superprestigioko finala

Waltarik saketik erraztu du txapela lortzeko bidea

Kubatarrak hamabost kintze egin zituen hasierako jokaldiari esker, eta jokoan Ezkurrak estu hartu bazuen ere, alde hori nahikoa izan zuen garaipena lortzeko.

p039_f01.jpg

EZKURRA II 30
WALTARI 40

Jon LEUNDA I

Waltarik jantzi zuen atzo Superprestigioko txapela, eta betiko trinketetan ere garaipen handiak lor ditzakeela argi eta garbi utzi zuen pilotari amerikarrak. Hala ere, Paxkal Ezkurrak ongi egin zion aurre, eta partidako ia tanto erdiak saketik hartu bazituen ere, ongi aritu zen.

Waltari tarteko dela, sakea izan behar da kontuan, hasierako jokaldiarekin sekulako triskantza egiten baitu amerikarrak, eta atzokoan ere ez zuen gutxiago egin. Lehen jokaldiari esker 15 kintze egin zituen, baina urruñarrak sakea itzuli eta hurrengo jokaldian beste lau egin zituen, beraz, boteari esker, ia partidako tanto erdiak egin zituen Kubako txapeldunak, eta horrela, oso zaila, hari irabaztea.

Hala ere, Paxkalek partida ona egin zuen, eta garbi utzi zuen jokoan aurkaria baino gutxiago ez zela, baina botetik horrelako mina egindakoan zaila da ezer egitea. Waltari egurrean hasi zen, eta konturatzerako 0-13 aitzinetik zen, eta partida oso fite joango zela zirudien. Tarte horretan oso pilotakada gutxi ikusi ziren.

Lapurtarra jokoan sartu, eta errestoan asmatzen hasi zenean, ordea, markagailuan berdintzea lortu zuen, eta 26-26 zeudela dirua ere ia pare samarrera heldu zen, kubatarra ez baitzen ongi ikusten. Amerikarrak berriro sakea berreskuratu zuenean, ordea, zulo handia ireki zuen, eta horrekin buruz buruzko denboraldiko bigarren txapela ere berarentzat izan da.

Partida polita ikusi zen atzo Garat trinketean, segur aski bi onenak elkarren aurka aritu direnetan ederrena, baina berriz ere Paxkalek ezin izan du Waltari mendean hartu. Lapurtarraren amesgaiztoa bihurtzen ari da Kubako aurrelaria. Atzo bi pilotariek garbi utzi zuten beraiek direla oraingoz bi onenak, eta berriro ere hastear dagoen buruz Buruko Txapelketako finaletik ez direla oso aparte izango.

Buruz Burukoa

Buruz Buruko Txapelketa nola joango den erabat finkatu gabe badago ere, aurrekanporaketak jokatzen hasiko dira, eta gaur bertan abiatuko da Donibane Garazin Bakarkakoa. Bertan, Patrick Ezkurra eta Ducassou lehiatuko dira.

Bien asmoa maila nagusiko lehiaketan aritzea da, baina horretarako partida hau gainditu beharko dute. Eskarmentua eta gaztetasuna neurtuko dira Donibane Garazin 17.00etatik aurrera. Patrick Ezkurra Paxkalen anaia zaharra da, eta honek ere badaki Buruz Burukoa irabaztea zer den. Adinak ez du barkatzen, eta Ducassou saiatuko da bere freskotasuna agerian jartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo