festival kirolHaerria en Donostia
INKESTA I Sei kirol, sei kirolari, sei ikuspegi
GALDERAK
1• Nola izan zenuen ekimenaren berri, eta zergatik erabaki zenuen bat egitea?
2• Zure kirolean zein da egoera, zure ustez, euskal selekzio ofizialen beharra sumatzen al da?
3• Etorkizunean urratsak ematen segitzeko modua izango al da?
Joseba ZUBELDIA (Txirrindulari ohia) :
1. Ni dagoeneko ez naiz txirrindulari profesionala, baina bai anaiaren bidez, bai lagunen bitartez kirolarekin kontaktuan segitzen dut. Markelek komentatu zidan bilera batzuk egiten hasi zirela, eta ez nuen zalantzarik izan nire babesa eskaintzeko.
2. Askotan lotu izan dugu Euskaltel Euskadi taldearen egitura balizko euskal selekzio batekin, eta argi dago Euskal Herriko txirrindulariekin selekzio eder bat egin daitekeela nazioartean lehiatzeko. Uste dut txirrindularitzan posible litzatekeela.
3. Garrantzitsuena gaiari hasiera ematea da. Egiteko lan asko dago, izan ere, kirolariek egin dezaketen ahaleginaz aparte politikoki ere erabaki sendoak hartu beharko dira. Baina kirolarien aldetik gogo hori hor dagoela ikustea ongi dago.
Jose Angel IRIBAR (Futbolari ohia) :
1. Ekitaldian parte hartzeko prest ote nengoen galdetu zidaten, eta nik baiezkoa eman nuen. Gainera, ikusten dut hemen gaur egun futbolean ari diren jokalari ezagun asko daudela antolaketa lanetan, baita beste hainbat kirolari ere, eta horrek animatu egin ninduen parte hartzera.
2. Euskal selekzioak jokatutako partidetan giroa hobetuz joan zen urtetik urtera, eta jendearen artean ikusten zen selekzioaren behar hori. Nire uste apalean, ona litzateke partida horiek berreskuratzea, irudi oso polita eta potentea ematen delako zentzu guztietan. Ea posible den hurrengo urteetan hori berreskuratzea.
3. Argi dago erronka aurrera segitzea dela. Lan asko dago egiteko, zalantzarik gabe, baina gaurkoa pauso bat gehiago izan daiteke jendeari behar horretaz kontzientziarazteko eta euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko.
Mikel ZAPIAIN (Arraunlaria) :
1. Orain dela hiru bat hilabete iritsi zen nire belarrietara ahalegin hau egiten hasteko nahia. Euskal Herria ordezkatzeko garaian hutsune bat bazegoen, behar bat, eta ikusi genuen kirolariok ez bagenuen zerbait egiten, beste inork ez zuela egingo. Euskalduna naiz eta kirolaria, eta horrelaxe hasi ginen elkarrekin lanean eta harro nago gaurko ekitaldia antolatzen lagundu ahal izanaz.
2. Onartu behar dut ez dela gehiegi hitz egiten horri buruz, baina behar hori hor dago. Pentsatzen dut euskal selekzioarekin nazioartean lehiatzeko aukera izanez gero, aulki mugikorrean, esaterako, Euskal Herrian jende gehiago animatuko litzatekeela arraunean hastera. Kasu horretan, selekzio ofizial bat izateak arraunari mesede handia egingo lioke kirol moduan ere eta uste dut horretan ia arraunlari denok bat gatozela.
3. Orain artean jende askok erakutsi du bere babesa, eta oraindik jende asko egongo da ez dena abian jarritakoaz jabetu. Gaurko ekitaldiak horretarako balioko du, eta hemendik aurrera jendeari alde egotetik alde egitera pasatzeko eskatuko diogu. Belodromoa bete izanak erakusten du behar edo hutsune hori badagoela.
Iñaki IZA (Pilotaria) :
1. Nik beste pilotari batzuen bidez jakin nuen. Pilotarien artean, zorionez, giro oso ona daukagu eta guri Oier eta Aratzek azaldu ziguten pixka bat proiektuak zer helburu zituen. Gero, komunikabideen bidez ere zabaldu da mezua. Euskal kirolaritzat daukat neure burua eta atxikimendua eman nuen bi aldiz pentsatu barik.
2. Bai, asko. Esango nuke pilota munduan euskal selekzioen beharra oso zabalduta dagoela, are gehiago Euskal Herriko kirol bat dela kontuan izanda. Pilotari gehienok euskaldunak gara eta horrelako ekitaldietan parte hartzeko deitzen badigute etorkizunean berriz ere etorriko gara, noski.
3. Baietz uste dut. Informazio aldetik oso ongi antolatuta egon da dena, jende askok izan du egin nahi zen honen berri, eta gaurkoa ikusi besterik ez dago. Jende mordoa etorri da eta ikuskizuna bikain prestatu dute. Bide honetatik jarraituta, kirolarien deialdira gero eta jende gehiago batuko dela iruditzen zait eta apurka indarra hartzen joango da.
Maider ZAPIRAIN (Tiralaria) :
1. Taldeko lagun batek aipatu zigun ekimenaren berri eta hasiera-hasieratik esan genion ahal zenean laguntzeko prest geundela. Kirolarien agirian aipatzen diren hiru puntuak horrelaxe sentitzen ditugu eta gure atxikimendua eman genuen, besterik gabe.
2. Egia esan, herri-kirolak Euskal Herrian duten egoera ikusita, eta neska izanda oraindik gehiago, aurrera jarraitzea ez da erraza. Hasieran ilusio askorekin hasten zara, baina gero kosta egiten da segitzea. Eta sentimenduen inguruan ere denetik dago. Nahiz eta ez izan kirol profesionala, badago jendea kirol arlo soila lehenesten duena, beste ezertan pentsatu gabe, baina beste askok faltan botatzen du nazioartean Euskal Herriko selekzioarekin lehiatzeko aukera izatea. Iritzi ezberdin asko daude.
3. Nik uste horrelako ekitaldiek motibazioa pizten dutela, borrokatzeko eta aurrera segitzeko indarra ematen dutela. Beste arlo askotan egiten dira antzeko ahaleginak, eta gure arloa hauxe da, kirola.
Irati ANDA (Eskalatzailea) :
1. Antolatzaileen artean zebilen Aratz Gallastegi jarri zen nirekin kontaktuan eta ekimenaren berri eman zidan, euskal kirolarien nortasuna aldarrikatzeko ahaleginean zebiltzala. Ekitaldia antolatzen ere ari omen ziren eta ideien artean belodromoa eskalatzeko aukera aipatu zuten. Laguntzeko prest nengoela esan nien, eta azkenean hementxe nago belodromoa eskalatzeko prest.
2. Nik uste dut baietz. Mendizaletasunaren arloan, eta azkenean eskalada ere oso lotuta dago mendiarekin, errotuta dago Euskal Herriarekiko lotura eta mundu zabalean euskaldun bezala aurkezteko beharra. Eta eskaladaren munduan ere sentimendu hori oso presente dagoela esango nuke.
3. Hori gure esku egongo da. Askotan gertatzen den moduan, beharrezkoa izaten da norbait sokatik tiraka egotea beste guztiak mugitzeko. Eta era berean, garrantzitsua izango da jendeak ere erantzutea, bestela sokatik tiraka dabilen hori aspertu egin daitekeelako. Gurditik jaitsi eta tiraka hastean egongo da gakoa. Zaila da etorkizuna aurreratzea, baina ni neu baikorra naiz eta aurrera segiko dugula uste dut.