Top 14
Puntu premia dute euskal taldeek
Biarritzek Bourgoin hartuko du etxean 19.00etatik aurrera. Ordu berean, Avironek bere zaleen aurrean jokatuko du Racingen aurka.
Jon LEUNDA
Europako lehiaketen ondoren, eta Gabonetako geldialdiaren ostean, Liga itzuliko da gaur ilunabarrean, eta Top 14ko bi euskal taldeak etxean arituko dira. Bi norgehiagokak 19.00etatik aitzinera jokatuko dira.
Bai Biarritzek bai Avironek partida oso garrantzitsua jokatuko dute, bai behintzat beren helburuak bete nahi baldin badituzte.
Talde zuri-gorriak Bourgoin hartuko du Agileran, eta Europan emandako maila berretsi nahi du Ligan partida hau bereganatuta, modu horretan lehiaketa honetan orain arte egindako bolada txarrari amaiera emateko.
Garaipenak gora egiteko balioko dio talde lapurtarrari, baina garaipen honek laguntza ederra emango dio Avironi ere, Bourgoin baita talde zuri-urdinaren gainetik dagoen taldea. Garaipena lortuta, gainera, eta beti ere Baionako taldeak ere gauza bera egitea lortzen baldin badu, jaitsierako postuetatik irteteko modua egingo luke.
Avironen kontuak ez zaizkio, ordea, Biarritzi gehiegi interesatuko, beraiek ere asko baitute jokoan. Nahiz eta aurtengo aldaketen ostean lehen biek duten finalerdietako txartela segurtatuta, eta hortik seigarrenera bitarte beste kanporaketa bat jokatuko duten, Biarritzen helburua estreinako lauretan sartzea da. Horixe esan zuten behintzat taldeko agintariek, beraien ustez indar handiagoarekin iritsiko direlako kanporaketa horretara.
Beraz, eta norbaitek uste badu lapurtarren erronka sei lehenengoetan sartzea dela, oker dabil, lehen lauretan sartzea oso garrantzitsutzat jotzen baitute. Horretarako, ordea, garaipenak behar dituzte, eta ia jaitsierako postuetan dagoen talde baten aurka ezin dute etxean, beren zaleen aurrean, hutsik egin biarriztarrek.
Jokalariei dagokienez, Ngwenya, Bolakoro, Balshaw, Harinordoki eta Hunt baja izango dira talde zuri-gorrian. Hutsegite garrantzitsuak izango ditu,, beraz, Olympiquek, eta deigarria izango da Ngwenyarena, izan ere, AEBetako jokalaria denboraldiko onenetakoa izaten ari da Agilerako taldearekin, eta nabarituko da bere hutsunea.
Avironek, berriz, norgehiagoka zaila izango du Racing Metro taldearen aurka, Parisko taldeak diru asko xahutu du aurten goian egoteko, eta oraingoz ongi ari da. Hilabete mordoa daramatza galdu gabe, irailaren 20tik dabil garaipenak pilatzen, eta gaur Baionara horren bila etorriko da, honek ere garaipena ezinbestekoa du-eta.
Avironek ere ez du lo hartzerik, ordea, ez baitu horretarako aukerarik. Jaitsierako postuetan daude, nahiz eta Ligako lehen asmoak beste batzuk ziren. Orain ez dago besterik, mailari eustea izan behar du erronka.
Jokalariei dagokienez, Bolavucu, Mazars, Baget, Elhorga eta Fall baja izango dira, baina horien ordez zelairatzen direnak ahaleginduko dira lan ona egiten.
Nahiz eta gaur jokatuko duten, taldeek ez dute atsedenerako tarte handirik, izan ere, igandean berriro ere Liga jardunaldia izango dute. Taldeek egutegia dela-eta beren haserrea agertu duten arren, Baionak eta Biarritzek igandean berriz jokatu beharko dute.