GARA > Idatzia > Kultura

BECen sortutako olatuari helduta, bertso festak urte berrian ere ez du etenik

A. A. | BILBO

Bukatu berri den Bertsolari Txapelketa Nagusiak oraindik ere badakar soka atzetik. BECen 14.500 bertsozalek sortutako olatuen ondotik datoz orain hainbat saio, horien artean, gaur Durangon ospatuko den Urteko Azken Bertso Saioa eta, datorren urtarrilaren 3an, finalista guztiekin Amurrion ospatuko den V. BECtekada Bertso Jaialdia.

Aurten hogei urte bete dituen Berbaro euskaltzale elkarteak antolatuta, aukera ederra izango da gaur bertan Durangoko Plateruenan 22.00etatik aurrera, «bertsozaleok Txapelketa Nagusiaz gozatu dugun urte honi amaiera ona emateko aukera». Bertan izango dira Maialen Lujanbio txapelduna, Amets Arzallus txapeldunordea, Andoni Egaña txapeldun ohia, Miren Amuriza «aurtengo errebelazioa» eta durangarren ordezkari, berriz, Unai Iturriaga eta Igor Elortza.

Bestalde, abenduaren 13an BECerako sarrerarik gabe gelditu zirenek bigarren aukera bat izango dute datorren igandean, Amurrioko antzokian. 19.30etik aurrera, bertan izango dira aurtengo zortzi finalistak. «Duela lau urte hasi ginen urtero finalistekin saioa egiten eta Araialdeko jaialdi garrantzitsuena bihurtu da», azaldu zuen Lander Meaza Amurrioko Bertso Eskolako arduradunak. Aurtengo nobedadea Sarriegi izango da eta dagoeneko hasi dira hemendik hiru urtera Egañari eman beharreko agurrean pentsatzen.

Gogoratu Bertso Eguna urtarrilaren 30ean ospatuko dela Donostiako Kursaalen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo