Hamarraldi beltz baten azken urteko frustrazioak eta itxaropenak
Mundu osoan eskubideek eta askatasunek izan duten hamarraldi beltzaren azken urtea izan da 2009a, baina zoritxarrez ez dirudi bolada hori hamarraldiarekin bukatu denik. Izan ere, Barack Obama AEBetako presidente hautatu duten urtea badoa eta George W. Bushek hasitako «gurutzada» eroaren bukaera iragartzen zuen itxaropena zapuztuta ageri da. Askatasun galera eta eskubide urraketak «giza eskubideen aberrira» ere, Europara, zabaldu ziren eta bertan diraute, segurtasunaren aitzakian kontrol politiko eta soziala paradoxa gordin bateraino areagotuta: Turkiak alderdi kurdu bat legez kanpo ezartzeko Estatu espainola -Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren babesa jaso zuena- eredu hartu izana.
Hartara, sendoagoa dirudi Hego Amerikako haize berriak dakarren itxaropenak. Sendotasun horrekin zerikusia bide dute aurten AEBek Kolonbian hainbat base militar ezartzeko akordioak edo Hondurasko estatu kolpeak. Nolanahi ere, munduko mugimendu alternatiboak indartsu agertu dira, Kopenhage lekuko. Azkenik, Eskoziak bere buruaren jabe izateko tresnak eskuratuta, hainbat nazio jarri ditu beren independentziari begira, beren etorkizunari begira.