GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA

Inaxio Perurena, 300 kilokoarekin Asteasun

p051_f02_210.jpg

Jon LEUNDA

Inaxio Perurenak marka handi bat egin nahi du gaur Asteasun, 300 kiloko harria bizkarrean berdintzea baita bere asmoa. 25 urte ditu, eta, adituen ustez, marka guztiak apurtuko ditu leitzar gazteak. Berak, ordea, ez du horrelakorik pentsatzen, pausoz pauso joatea besterik ez baitu buruan.

«Ongi nago. Aurten ez daukat aitzakiarik, osasunez oso ongi nago, eta entrenamenduetan gustura aritu naiz. Bestetik, jadanik eguna pasatzeko gogoa ere badut. Luze egiten dira azken ordu hauek, eta saioa hasteko ordua heltzeko zain nago», aipatu digu leitzarrak saiakera egin aurreko egunetan.

Oso gutxi dira 300 kiloko harria jasotzeko gai izan diren gizonak -Gibitegi, Saralegi eta bere aita-, eta Inaxiok badaki goi mailako eremu batean sartzen ari dela. «Gutxi dira hemendik gora iritsi diren harri-jasotzaileak, baina niretzat beste marka bat bezalakoa da. Joan eta jasotzea da helburua, gainerakoek bezalaxe, eta gaur ere horretan saiatu behar dut. Konparaketak betikoak dira, baina aspaldi utzi nion horri jaramon egiteari. Hemen bakoitzak bere bidea egin behar du, eta nik apurka-apurka joan behar nuen, eta horretan ari naiz», esan du.

Badira urte batzuk urteko azken egunean harriarekin hitzorduren bat duenetik. Inaxiok aipatu digunez, «lehen telebistatik deitzen zuten egun honetarako, eta gero Egur Sportek jarraitu du. Nik ere data hau markaren bat egiteko erreferentzia bezala hartuta daukat, eta udako erakustaldien ostean jadanik badakit gutxi gorabehera noizko egon behar dudan prest, eta ongi etortzen zait nire prestakuntzarako».

Aitortu duenez, Inaxio Perurenak dezentetan jaso du etxean 300 kilokoa eta helburua gaur hori plazan egitea izango da. Horretarako, bere anaia izango du laguntzaile, ez bere aita aurrekoetan bezala. «Oraingoan anaia izango dut alboan. Aita oso urduri jartzen da, eta orduan ni ere asko urduritzen naiz. Anaia, berriz, lasaiago ikusten dut alboan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo