Gabon zaharrean, lorontziak gitarra, Esme Squalorren Gasteizko jam saioan
Esme Squalor izenak ahoskatzeko errazegia ez den zurrumurrua dirudi: entzuteko fina eta haizearen uhina bailitzan heltzen zaigun bi hitz arrotzek osatutako sintagma. J.D. Salinger idazle amerikarrak 50eko hamarkadan publikatutako liburuaren izenburutik hartua du izena Gasteizko talde anglogermaniarrak. John Lennonen hilketarekin erlazionatutako «The Catcher in the Rye» abestia ere Salingerrek idatzi zuen.Maider LACALLE | GASTEIZ
«For Esmé - with Love and Squalor» liburuak sarjentu batek Esmé neska gaztearekin duen topaketa kontatzen du hau gudara joan aurretik. Izenak ez bezala, Esme Squalorrek zarata ateratzen du, gertuen duten edozein tresnekin -bainuontzi bat, lorontzi pare bat eta egurrezko mahai batekin, esaterako- eta askok espero ez duten bezala, haien musikaltasunak bat baino gehiago harritzea lortzen du. Tresna gordin hauek erabiliz sortzen dituzten doinuak dotoreak eta harmoniatsuak dira.
Manchesterren hasi zen dena, besteak beste, Joy Division eta The Smiths taldeak sortu ziren hirian hain zuzen ere. Adam Ireland izeneko bristoldarra (horrela deitzen zaie Britainia Handiko hiri honetako biztanleei) Historia eta Politika ikaslea zen bertako unibertsitatean. Betidanik musikan aritua -«eskolan biolina ikasi nuen. Jotzeko ahalmena banuen baina ez ninduen inoiz horrenbeste erakarri»-, 18 urte zituela Sammy Metcalfekin -Esme Squalorreko baxu-jotzailea- talde bat sortu zuen bere jaioterrian. Baina Ireland gaztea, bere esanetan, ez zen Manchesterrera heldu zen arte bere estilo propioa garatzen hasi.
Mansun, Bright Eyes eta Dylanen zale sutsuak talde eta musikari hauek entzun zituenean konturatu zen «gitarra pare batekin eta lau pertsonekin hori bezalako album bat egin zitekeela». Askorentzako ezinezko erronka suerta litekeena izan zen Irelandi zirrara sortu ziona eta zirrara hau denborarekin errealitate bihurtu da; egun Gasteizko agertoki adoretsuenetan ari dira jotzen.
Londres ere bitarte horretan izan zuen 25 urteko artistak. «Han abestiek forma osoago bat hartu zuten eta nire gaitasunean konfiantza handiagoa izatea lortu nuen». Esme Squalor izenpean hiriko open mic gauetan parte hartzen hasi zen, zeintzuetan musikari edo talde bakoitzari 15 minutu ematen zitzaizkion jo behar zutena jotzeko; mota honetako gauak oso arrakastatsuak dira Britainia Handian eta Irlandan. Zituen baliabideekin ahal bezain urrutien iritsi zela ohartu zenean, lana eta pisua utzi, baliozkoak maletan sartu edo jantzi, eta Gasteizerako hegazkina hartu zuen. Metcalfe baxu-jotzaile eta haurtzaroko lagunak hilabeteak zeramatzan orduan Gasteizen eta Londresen egiteko gehiagorik ez zuela ikusitakoan haren pausoen atzetik joan zen, arinagoa zen giro lehiakor baten bila.
Next stop, beraz, Gasteiz. Hemen estatubatuar jatorriko Cameron Webster ezagutu zuen eta biek batera Zapateria kaleko Abuelo taberna «astintzen» zuten maiz haien gitarra eta ukeleleekin. Websterrek gitarra eskolak ematen ditu egun eta «taldearentzat benetako altxorra» dela dio Esme Squalorren sortzaile Irelandek. Antzerkian ere aritzen da tarteka gainera.
Ibilbide profesionala antzerkian hasi zuen Melanie Foy ere Erresuma Batuko merkatuaren zailtasunek Arabako hiriburura bultzatu zuten. Taldeko ahotsak egiten ditu Manchesterreko drama ikasle ohiak. Azken honek Metcalfekin antzerkia ikasi zuen eta bere eta Irelanden Euskal Herrirako bidaiak itsaso estua gurutzatzera motibatu zuten lagunek Mel deitzen dioten abeslariak.
Hainbeste oroitzapen eta iragan ukitu biltzen dituen taldekideen arteko armiarma sare hau nahikoa ez balitz, Stuttgart (Alemania) ondoko herri batetik datorren Natalia Neumann biolinjotzailea batu zitzaion laukoteari.
Lehen aldiz, Gasteizen
Entseguak direla, ez direla, Esme Squalorrek aurtengo udan eman zuen bere lehen kontzertua boskote gisa, Gasteizko Jazzaldian, hain zuzen ere. Esperientzia primerakoa izan zen: «Gasteiz oso leku ona da talde bat sortzeko; jendea beste musikariekin jotzeko prest dago, ez Londresen bezala».
«Batzuetan jendea bere talde eta proiektuetan buru-belarri ibili ohi da Londresen eta ez da hain erraza suertatzen hemen egiten ditugun kolaborazioak egitea». Ahots lasaiago batekin eta bere «liatzeko» tabakoa esfortzurik egin gabe kasik xurgatu ondoren gehitu du: «Horrek ez du esan nahi hemen leku asko dagoenik esperientzia hori zuzenera eramateko». Jotzeko espiritua hor dagoela uste du Irelandek, baina artistak elkartu daitezkeen guneak falta dira akaso.
Eta jendearekin kolaborazioak egitea da taldeko abeslariari musika mundutik gehien gustatzen zaion gauzetako bat. Horrexegatik Esme Squalor ez da ez urrundik ere talde itxi bat. «Asko gustatzen zait musikari desberdinak nahastearen formatua».
«Taldekide batek bihar esaten badit ez duela taldean jotzeko denborarik orduan musikari bat galduko genuke, baina aldi berean saxoa jotzen duen norbait gerturatzen bazaigu, gurekin jo dezake arazorik gabe». Irelandek «triangulua» esaten dion bateria, baxua eta gitarraren arteko sinbiosian sinesten du. «Gainontzekoa eraldatu daiteke», gehitu du. Hori da, bere ustez, talde bat interesgarri egiten duena.
Boskotetik seikote izatera orain gutxi pasa zen Esme Squalor. Gure artean bizi diren jatorri anglosaxoieko lagun gehienak bezala, ingeles irakasleak dira Mel eta Ireland. Azken honi ingelesezko eskola pribatuak ematea proposatu ziotenean, egun taldeko bateria-jotzailea den Joserra Sanchezekin eta lagun batekin elkartu zen Ireland. Esme Squalorrek Gasteizko Memphis tabernan eskainitako kontzertu baten argazkia honen etxeko horman ikusi zuen Sanchezek eta musikari buruzko elkarrizketa luze batean murgildu ziren ezkerreko beste horman Dave Eggersen arrainen inguruko istorio motz zoragarri bat itsatsita zegoela. «What The Water Feels Like To The Fishes» (Ura arrainentzat zer den) istorioak arrainak eta gizakien arteko ura eta aireak batak bestearentzat duen garrantziaren inguruko narrazio motza da.
Hurrena, entseatzera gonbidatu zuen taldeak Sanchez eta bi ordura taldekide berria zela esan zioten. Urtebete besterik ez du eman Irelandek gure artean eta harritzekoa suertatzen da gauzak bere tokian zelako abiadurarekin jarri diren jakitea. «Esme Squalor prozesua oso organikoa izan da», esan du harrotasunez begiak eye-liner beltzarekin margotzea gustatzen zaion bristoldarrak. «Hilabete batzuk pasa dira gure lehen kontzertutik, baina poliki hasi gara taldea eratzen egun arte». Zaila izaten da sei pertsona leku berean eta jotzeko gogo bera duten egunean elkartzea lortzea, baina «orain lokal berriarekin errazagoa izango da».
Dena dago prest, beraz, iristekoa den urte berri honetan taldeak lehen diskoa plazaratzeko. Londresen finkatutako greziar Dimitris Asimis produktorearekin bat egingo dute proiektu hau aurrera eramateko. Asimisen ibilbide profesionala nabarmena da; Tom Waitsekin egindako tourrak Londres hiriko klub eta areto askotako ateak ireki dizkio. Orain Ireland eta bere taldearekin ibilbide berria hasiko du.
Urte berrirako proposamena
Lehenik eta behin, urte berria indarrez hasi nahi izan dute eta musika jotzeaz gain jendea Gabon zahar gaueko mahats jana leku publiko batean egiteko elkar dezaketela frogatuko dute hilaren 31n Man in the Moonen, (Manuel Iradier kalea 7.a ), eskainiko duten «Opium Den Jam Session»-ean. Hau hilabeteko azken ostegunetan errepikatuko da urtean zehar eta horrela Esme Squalorrek «gune kolaboratzaile bat» sortu nahi du, musikariak elkar daitezkeen gune berezi bat. «Honekin komunitate bat sor genezake, Gasteizen lehenik eta behin, gero Euskal Herri osora zabaldu ahal izateko».
Horrela, Gabon zahar gaua urtean zehar hilabetero gertatuko da nolabait, baina ukitu bereziekin. Esan bezala, emanaldia 12.00ak jo baino lehen hasiko da, 23.30ean. Mahatsa elkarrekin jateko asmoa izango du taldeak eta bertara gerturatu nahi dutenek. DJ bat izango da bertan eta tartean gitarristek, bateria-jotzaileek, abeslariek eta beste hainbestek hartuko dute R.E.Men abestia inspiraziotzat duen afrikar kutsuko taberna honetako agertokia. Beldurrari aurre egin eta ikusleen aurrean performance bat jartzen dutenek lehen kopa doan izango dute eta gainontzekoak prezio erdian.
Horrez gain eta Esme Squalor bera goitik behera jantzita izango denez -eszenatokia itsaso azpiko metafora bihurtuko da gau honetan bereziki-, jantzi original eta dotoreenak eramaten dituztenei deskontua izango dute edarietan. «Desberdina den zeozer eskainiko dugu; ez da Gabon zahar gau arrunt bat izango eta Man in the Moon leku ezin hobea da jai hau egiteko».
Goiz da honelako esperimentu batetik aterako dena neurtzeko, baina Ireland, Sanchez eta Webster asteazkenean aritu dira Gasteizko Arka Plazan, «Ibiltaria» eskulturaren alboan, Princen eta Paul Simonen abestiak bainuontzi eta lorontziekin jotzen eta «oso arrakastatsua» izan da.
Eskatzen duten gauza bakarra ondo pasatzeko gogoa ekartzea da, «adore apur batekin». «Inoiz ez dugu uste izaten agertokira igotzeko nahikoa entseatu dugunik eta jendeak pentsatzen du gaizki jotzen badu desastre hutsa izango dela».
«Ez da horrela», adierazi du begietan egiten duena ehuneko ehunean sentitzen duenaren distira duelarik, «ez gara musikari serioak, musika serioski hartzen dugun musikariak baizik».
Esme Squalorren musika haien webgunean entzun daiteke, www.esmesqualor.com-en eta baita MySpace gunean ere: www.myspace.com/squaloresme. Taldeak Facebook orrialdea ere badu bere izenean.