GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Ipuinetako edo iragarkietako kartzelak?

 

Emakumea gaizki tratatzen duena erruduna da». Horixe Lakuako Herrizaingo Sailak azken asteotan martxan jarri duen kanpainaren leloa. Eta erruduna, kartzelara noski. Telebistako bertsioa izugarria da. Nor joko duzu afaria hotza dagoelako? Eta jateko gogoa kentzen duen jangela likatsu eta beltza ageri da. Nor umiliatuko duzu jendaurrean? Eta aire zikineko patio tristea ageri da. Nori egingo diozu errieta dutxan ile bat topatzen duzunean? Eta ile gutxi baina tatuaje asko dituen gizonkote bat ikusten da dutxa zikinetan barrena. Nor behartuko duzu gauean? Eta amesgaiztoak izateko aproposa dirudien zorigaiztoko ziega ilun bat ageri da.

Kartzelari buruz existitzen diren estereotipo eta topiko guztiak bikain irudikatzen ditu iragarki horrek. Kartzela zaharra, zikina, iluna, lege propioa duena erakusten du. Hori bazen Lakuaren helburua, zoriondu egin behar. Baina ezin dut iragarki hori ikusi kezkatu gabe. Hain garbi erakusten du kartzelaren helburu bakarra zigorra eta mendekua direla! Hain lotsagabe adierazten du kartzelan lege propioa dagoela! Nonbait, tatuaje askoko eta begirune gutxiko gizonkoteen eremua da barrote artekoa. Eta mundu horretan tokitan geratzen dira giza eskubideak.

Okerrena da kartzelak birgizarteratzeko balio dutela esaten duten agintariek zuzendu dutela kanpaina. Kartzeletan giza eskubideak kontu handiz errespetatzen direla esaten duten horiek. Ea behingoz erabakitzen duten nolakoak diren beren kartzelak, ipuinetakoak edo iragarkietakok. Eta, bestela, pasa dezatela denboralditxo bat horietako batean eta konta diezagutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo