GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Silasek Saharan ere futbolari onak badirela erakutsi nahi du Euskal Herriko zelaietan

Sid'Ahmed Sidati «Silas» izenaz ezagun den futbolaria da. Euskal Herrian goi mailetan ari den Saharako jokalari bakarra da. Laudio taldean ari da, Hirugarren Mailan. Lehen urtea du helduen mailan, orain arte gazte mailan, Indartsu taldean aritu baita. Tindufen dagoen errefuxiatuen kanpamentuan jaiotakoa da, eta ez da inoiz, bere adineko asko bezala, Sahara okupatuan izan.

p041_f01.jpg

Jon LEUNDA

Silasen izena dezentetan entzuten da azkenaldian, eta futbola jarraitzen dutenek, ezaguna izango dute, nahiz eta oraindik 19 urte besterik ez dituen. Euskal Herrian, goi mailetako taldeetan dabilen Saharako jokalari bakarra da. Gaur egun Hirugarren Mailan ari da, Laudio taldean, baina, adituen ustez, laster izango da hortik gora ere.

19 urte besterik ez ditu Silasek. Tindufen jaio zen, Saharako kanpamentu batean, eta orain dela hamar urte heldu zen Euskal Herrira. Futbola, ordea, txikitatik maite du, eta Saharan hasi zen jokatzen. «Han ez dago talde ofizialik, baina futbola ikaragarri maite dugu, eta han hasi nintzen jokatzen. Hona etorrita horretan jarraitu nuen, eta hau izango dut helduen mailan lehen urtea», esan du saharar gazteak.

Gustura dago Laudio taldean eta pausoka joan nahi du: «Asko lagundu didate, eta esker oneko hitzak besterik ez ditut. Laudion gustura ari naiz. Jokatzeko minutuak izaten ari naiz, eta hori da nik nahi dudana. Oraingoz ezin naiz kexatu», azaldu du.

Geroari begira ere ez du oraindik denborarik galdu nahi: «Futbola den bezalakoa da, eta gauzak datozen bezala hartu behar dira. Nik Laudiorentzat jokatzen dut, eta hor jarraitu nahi dut taldeari ahalik eta gehien ematen. Ea Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatzen dugun».

Sahara ez du ahaztu, izan ere, uda guztietan bertaratzen da. «Uda guztietan joaten gara egun batzuk pasatzera. Lagunekin, familiarekin egotera. Ingurukoek badakite futbolean ari naizela eta maila onean. Asko pozten dira, eta, bestetik, nolabaiteko miresmena ere sentitzen dute, haiek ez baitute horrelako aukerarik izan. Hala ere, askok ez dakite zein taldetan ari naizen», onartu du.

Selekzioa

Saharan futbola asko jarraitzen dutela dio: «Ikaragarria da. Futbola da lehen kirola. Batez ere Espainiako Liga jarraitzen da, eta baita Ingalaterrakoa ere. Gero, Eurokopa edo Mundialak badira ere, hori asko jarraitzen da».

Sahara okupatuko taldeak Marokoko Ligan ari dira, bakarren bat Lehen Mailan ere ari da, baina, bere hitzetan, hori ez dute jarraitzen: «Egia esan, inoiz ez naiz izan Sahara okupatuan, eta ni bezala kanpamentuetan jaiotako milaka gazte ez gara han inoiz izan. Ez daukagu hango taldeen berririk, eta egia esan, Marokoko Liga ez da batere jarraitzen». Selekzioen mailan, Aljeria da sahararren taldea: «Orain Afrikako Kopa eta Mundialak daude, eta saharar guztiak egongo gara Aljeriarekin. Asko lagundu digute eta gure selekzioa izaterik ez dugunez, laguntzen digunaren alde egongo gara», onartu du. Berak ere badu amets bat, eta hori Saharako selekzioarekin jokatzea da: «Hori amets bat da. Bikaina izango litzateke Saharako selekzioan jokatzea. Nik uste dut gure herrialdean futbolean jokatzen dugun gazte guztion ametsa dela, besteen parean selekzio bat izatea, eta hango kamiseta janztea».

Gauzak horrela, berak ederki ulertzen du euskaldunek euskal selekzioa nahi izatea. «Bi herrialdeen artean ezberdintasunak egongo dira, baina, azken batean, denok amets beraren bila gabiltza, eta euskal kirolarion nahia ederki ulertzen dut, saharar kirolariena ere berbera baita».

Saharar herria bolo-bolo ibili da azkenaldian, bereziki Aminatou Haidarrena. Silasek ere badu honi buruzko iritzia: «Alde batetik, poza sentitu dut, Haidar bezalako pertsona bat bere helburuen alde noraino heldu den ikusteak. Bestetik, oso tristea iruditu zait, gertatu dena. Pertsona batek ia heriotzaraino iritsi behar izan du mundua Sahara hor dagoela eta arazoek bizirik jarraitzen dutela konturatzeko, eta hori oso tristea iruditu zait».

Silasek 19 urte besterik ez ditu, baina mutil azkar bezain futbolari ona da. Zorte apur bat baldin badu, aurrera egingo du, horretarako maila bai baitu. Duen beste ametsa bere selekzioarekin jokatzea da, eta oraindik horretarako astia izan beharko luke, hor FIFAk ere zerbait esan beharko bailuke.

Bera gustura bizi da Euskal Herrian, gehien gustatzen zaiona eginez, baina bere jatorria ez du ahazten eta ez du ahaztu nahi, eta haien alde ere arituko da. «Hobetzen doa Saharako kanpamentuetako egoera, baina oraindik arlo guztietan oso txarra izaten jarraitzen du», onartu du. Ea bada Silasi gauzak orain arte bezain ongi joaten zaizkion, eta Saharak goi mailako futbolari ezagun bat izaten duen etorkizunean bere futbol selekzioan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo