GARA > Idatzia > Kultura

Unzaluren aburuz, Urbaibai ezin da museo handi bategatik arriskuan jarri

p049_f01_088x136.jpg

GARA | GASTEIZ

Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuaren iritziz, Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezin da museo handi bat eraikita hipotekatu. Beste Guggenheim bat bultzatzeko ekimenak sortu duen polemikaren inguruan, sailburuak adierazi zuen ez duela uste egitasmo hau egokia izan daitekeenik. Lehenik eta behin, ezin delako «Urdaibai hipotekatu museo handi batekin», gehienbat horrek dakartzan azpiegiturengatik, hots, aparkalekuak, errepideen zabaltzeak, ostatuak.... «Hori ez litzateke garapen iraunkorra, eta Jaurlaritzak baldintza hori jartzen du», adierazi zuen.

Bizkaiko Foru Aldundia izan da ekimen hau bultzatu duena. Unzaluk atzo esan zuenez, Aldundiak bultzatu nahi duen «biziberritze ekonomikoan» Jaurlaritzak ere lagundu nahi du. Hala ere, Ingurumen sailburuaren aburuz, edozein egitasmok ezin du, biziberritzean laguntzea helburu izanda ere, «ingurua hipotekatu».

Unzaluren adierazpenek berriz ere erakutsi dute Aldundiaren eta Jaurlaritzaren arteko adostasuna urrun dagoela. Bilboko Guggenheim museoaren estatutuen arabera, patronatuan parte hartzen dutenen gehiengoak onartu behar du proiektua. Honek Jaurlaritzari beto eskubidea ematen dio, bertako partaide baita eta Aldundiak bakarrik ezin dezakeelako aurrera eraman. Hala ere, aurreko astean Kultura sailburu Blanca Urgellek iragarri zuenaren arabera, Jaurlaritzak ez du beto eskubide hau erabiltzeko asmorik.

Pilar Unzalu Ingurumen sailburuak adierazi zuenez, «garapen iraunkorra» izango da eurek jarriko duten baldintza. Horren ildotik, bisitari guztiak bilduko dituen eraikin bakarra, horrek eskatzen dituen aparkalekuak kontuan hartuta, ostalaritza kontzentratuak, errepideen zabaltzeak eta museorako sarbideak ekarriko lituzketen ondorioak ez dira iraunkorrak. «Bilboko Guggenheim museoan gertatzen den bezala, urtean milioi bat bisitari; hori ez da iraunkorra», adierazi zuen.

Bestalde, sailburuak lekua kudeatzeko beste eredu batzuk daudela esan zuen. Horrela, beste herrialde batzuetan hain adierazgarriak ez diren eraikinak erabiltzen ari direla esan zuen, zeintzuetan eraginkorrak diren neurriak ere erabiltzen dituzten. Adibide gisa, Kopenhageko eredua aipatu zuen; han hainbat obra espazioan zehar sakabanatuta ikusteko aukera dute bisitariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo