GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Zalbidea I STEE-EILAS

EAEko Hezkuntza aurrekontuak: aurrekoen antzekoak, ez nahikoak eta murriztaileak

BPGarekiko ments estrukturalak bere horretan jarraituko du, Hezkuntza gastua BPGaren %4,1tik %4ra pasatu baita, erreferentea den %6tik oso urrun; honen arabera, oraingo egitasmoa %50 handitu beharko litzateke

Aurtengo EAEko aurrekontuan Hezkuntza Sailari dagokion kopurua 2,747 milioi eurokoa izango da eta zifra horren inguruan egin daitekeen irakurketa bikoitza da, kontuan hartuta zifra hori Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu orokorraren %26,8 dela. Atzeraldi ekonomikoak baldintzatutako proiektua da eta etorkizunean ikusiko dugun moduan, murrizketa dezente izango dira, orain kontrakoa esaten badute ere. Beste arlo batzuetan diru murrizketak egin arren, Hezkuntza gizarte-gastutzat jotzen dela eta mantendu ez ezik handitu ere egin behar dela dioskute (Sailaren aurrekontua %4,5 igoko da, orokorrak 1,9ko jaitsiera duen bitartean) eta gainera, kohesio soziala babesteko-edo bekak igo dituzte (%18 ez unibertsitarioak eta %20 unibertsitatekoak). Sailak estrategikotzat jotzen dituen alorretako zenbait proiekturentzat ere onuragarria izan da aipatu proiektua: ikerketa, ingelesaren sustapena, ordenagailuak ikasle guztientzat... Ez dago, beraz, berrikuntza handirik, PSE-k -PPrekin duen burdinazko hitzarmenaren ondorioz- Hezkuntza arloan daraman keinu-politika barruan sartzen direnak izan ezik (euskara, curriculuma, bakerako hezkuntza...). Guretzat azpimarragarria da hezkuntza proiektua gobernu berri batek egin duen arren, zeharo kontinuista dela, bai lehentasunei dagokienez, baita egituraketari dagokionez ere.

Bigarrenez, aurrekontuari eznahiko deritzogu garatutako beste herri batzuetako Hezkuntza aurrekontuetatik eta nazioarteko erakundeek ezarritako gomendioetatik oso urrun jartzen gaituelako. BPGarekiko ments estrukturalak bere horretan jarraituko du, Hezkuntza gastua BPGaren %4,1tik %4ra pasatu baita, erreferentea den %6tik oso urrun; honen arabera, oraingo egitasmoa %50 handitu beharko litzateke. Aurrekontu orokorraren %26,8 Hezkuntza gastuetarako aurreikustea arretaz aztertu behar da. Izan ere, portzentaje hori bera izan zuen 2006an (%27 2003an), eta gainera, aurrekontu orokorra murriztuz lortu da. Igoera 120 milioi eurokoa da, eta horietatik 105 langileen soldatak ordaintzeko erabiliko dira. Horretaz gain, Sailaren kudeaketa gaitasuna urtez urte murrizten ari da, konprometituta duelako langileen soldata ordaintzeko (%44,8) eta transferentzietarakoak -diru-laguntzak- (%45).

Transferentzietan (beste erakunde batzuentzako, fundazioentzako, ikasleentzako... eta enpresa pribatuentzako diru-laguntzak) gastatzen den aurrekontuaren %45i dagokionez, irakaskuntza kontzertatuak 620 milioi inguru jasoko ditu, aurrekontuaren %22, alegia. Gastuaren zatirik handiena hezkuntza-hitzarmenei dagokie (557 milioi), izan ere, ikastetxe pribatuen %99k diru publikoa jasotzen du bide honetatik, legearen kontrakoa izan arren, neskak edo mutilak soilik onartzen dituztenak edo banatu egiten dituztenak barne.

Aurten irakaskuntza pribatuaren esparruan hartu diren hainbat erabakik ustekabeko ondorioak ekar ditzakete sektorean. Izan ere, aurreko ekitaldietako partida anitzetako zenbatekoa murriztea da aurrekontu honen ezaugarrietako bat. Murrizketak hezkuntza-sistema osoak jasango ditu, baina ikastetxe publikoek funtzionamendu-gastuetan nabarituko dituzte, lehenengo. Hori dela eta, diru gutxiago izango da obra txikietarako, garbitasunerako, prebentzio eta osasun jardueretarako... Murrizketak ikasleek eta beren familiek jasoko dituzten diru-laguntzetara ere iritsiko dira: banakakoen garraiorako diru-laguntzak, atzerriko hizkuntzak ikasteko bekak, familientzako diru-laguntzak 0-3 zikloan, eskola arteko ikasle-trukeak, praktikak... %33ko murrizketak izango dituzte arte plastikoko ikastetxeek, Musikenek, irakaskuntza osagarrien partzuergoek, musika ikastetxe eta elkarteek... Diru-laguntzen jaitsiera %30koa baino handiagoa da euskalduntzean, berrikuntzan eta formazioan. Euskalduntzerako aurrekontuak %8,3ko murrizketa jasango du, eta ondorioz, materialak euskaraz sortzeko EIMA programari %33 kenduko diote eta ikasgeletan eragin zuzena duten zenbait programen finantzaketa heren bat murriztuko dute (Ulibarri, Nolega, Zinea euskaraz...) eta ikastetxe pribatuetako irakasle gutxiago liberatuko dira IRALEn. Baliteke programa horietan aurreztutako 1,8 milioiak hiru hizkuntzako eredua garatzeko erabiltzea (ingeles barnetegiak, prestakuntza, materiala...).

0-3 zikloan, eskaintza publikoa bermatu gabe jarraituko dugu eta Eusko Jaurlaritza ez da krisi garaian horren zalantzagarria den prezio-politika berrikusteko gai izan. Unibertsitatean EHUrako ohiko diru-laguntza %4,3 igo da, baina %23,4 jaitsi da inbertsio eta azpiegituren atala. Handitu egin dute asko kontratu-programen bidezko diru-laguntzak, Deustu eta Mondragon unibertsitate pribatuei (6,6 milioi baino gehiago) eta Gizarte Kontseiluari murrizketa egin zaio.

Azkenik deigarria da inbertsioekin gertatutakoa. Guztira %15,3 murriztu da iaz baino 20 milioi euro gutxiago ekipamendu nahiz obretarako. Ekipamenduetan murrizketen bitartez lortutako geldikinaren zati bat -10,9 milioi, hain zuzen ere- Zapaterok agindutako ordenagailuak erosteko erabili da. Legea urratzetik ez oso urrun aurreko legealdian onartutako ikastetxe publikoen azpiegiturak hobetzeko ezohiko plana ezerezean geratu da. Horren ondorioz 2010ean hastear zeuden 23 obra (ikastetxe berriak, handitzeak...) airean geratu dira, denak eskaintza publikoa bermatzeko beharrezkoak izanik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo