Eszenak
«Arrastoa», tentsioaren eta «goi mailako komediaren» lotura
Txalo Produkzioak «Arrastoa» antzezlana estreinatuko du gaur Donostiako Antzoki Zaharrean «Artea» obrarekin hasitako ibilbideari jarraipena emate aldera. Asier Hormaza eta Ramon Agirre protagonista dituen lanak «goi mailako komedia» gisa ezagutzen dena lantzen du, tentsioaren eta intrigaren haria irmo mantentzen duen bitartean.
Ariane KAMIO |
Andrew Wyke (Ramon Agirre) idazlea da, polizia nobelak idazten ditu eta egun batean Milo Tindlerekin (Asier Hormaza) solasaldia izango du. Hau gazteagoa da, italiar jatorrikoa, nahiz eta berak britainiar petoa dela esaten duen; ileapaintzailea da ofizioz eta Wykeren emaztearen maitalea, beraz, Casanova afizioz. «Nik gonbidatzen dut -azaldu zuen Ramon Agirrek-, britainiarrek izan ohi duten lasaitasunaz, patxadaz eta flemaz, trago bat hartzera, eta negozio bat proposatzen diot, ustez biontzat mesedegarri izango dena. Proposamen horrek, ordea, badu bere tranpa, bere amarrua. Berak jokoa onartzen du, eta hortik aurrera etengabeko xake partida baten antzeko borroka sortzen da. Batzuetan batek galtzen du eta hurrengoan besteak, match ball bat baino gehiago dago, eta ustekabe bat baino gehiago gertatzen da», gaineratu zuen.
Txalo Produkzioak gaur estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean «Arrastoa» antzezlana, Anthony Shafferek 70eko hamarkadan idatzia eta Begoña Bilbaok zuzendua, Ramon Agirreren itzulpen eta egokitzapenarekin. Hormazaren irudiko, obra hori komedian murgiltzen da, baina ez betiko komedian, «goi mailako komedia» gisa ezagutzen dena lantzen du. «Protagonistak britainiarrak dira eta gauzak ez dituzte inoiz zuzenean esaten, beraz, hitz jokoz eta ironiaz jositako testua da», esan zuen. Bere ustez, ordea, lanak irauten duen ordu eta erdian etenik ez duen tentsioa da ezaugarririk garrantzitsuena. «Tentsio une desberdinak ditu, baina erregulartasun bat mantentzen du lan osoan zehar». Agirre eta Hormazarekin batera, Juan Garaik parte hartuko du lanean, «publikoarentzat ezezaguna» den pertsonaia, «baina sorpresa polita eragingo duena».
Ibilbide baten jarraipena
Txalo Produkzioak antzerkiko testu esanguratsuenak euskarara ekarri eta egokitzen hasi zen orain urte batzuk «Artea» lanarekin. Haren atzetik etorri ziren «Gornholm metodoa» eta «Ahuntza edo nor den Silvia?» lanak, guztiak zein baino zein arrakastatsuagoak. «Arrastoa», ibilbide horri jarraipena emateko sortu zen, Xabier Agirre ekoizleak adierazi zuenez.