GARA > Idatzia > Kultura

Dorleta URRETABIZKAIA I Aktorea eta idazlea

Oihal gorria zabaltzear da

Urte zaharraren emanaldia amaitu da eta oihal gorria itxi egin zaigu. Joan den urtearen egunak agortu egin dira eta atzean geratu zaizkigu bertan bizitako esperientzia onak eta txarrak. Oihala ixtearekin batera, oraina zena iragan bilakatu zaigu, bihar gaur bilakatuko den bezalaxe. Baina orain, antzokiko oihala zabaltzear da berriz ere eta antzezlan berri baten aurrean gara guztiok. Pertsonaia berriak aurkezteke dira oraindik, izan ere, hemendik aurrera, zaharragoak izango baikara guztiok, pertsona edota pertsonaia berriak. Hemendik aurrera gauzak aldatu egingo baitira, hemendik aurrera zu, gu, ni izango gara, baina sekula ez atzo izan ginenak. Itxaropenaren oihal gorria zabaldua da eta berritasunaren oihartzunak oraindik urruntasunean entzuten baditugu ere, berehala gerturatuko zaizkigu geroa oraina bilakatuaz, eta iragan gero.

Eta antzerkiarekin gauza bera gertatuko da. Iraganeko antzezlan asko oroitzapenen kutxa ilunean lurperaturik geratu dira, beste batzuek ordea, bizirik diraute oraindik ere eta izango dute berriz ere ur berri hauetan bainua hartzeko aldarterik. Eta beste batzuek aldiz, ur berri hauetan sortuko dira. Haur berriak mundu zaharrera berritasunez beterik etorriko diren moduan. Baina antzerkia, loreak eta geure bizitza bezala, iragankorra da. Antzerkiko ordu batek, bizitzako hiru orduk bezalako intentsitatea omen dauka eta, hala eta guztiz ere, alde egiten digu hondarrak hatz artetik ihes egiten digun bezala. Denborak aurreranzko noranzkoa baino ez baitu ezagutzen eta garai batean oraina zen urteak ere, hatz artetik ihes egin digu dagoeneko bere atzean oihal gorriaren arrastoa utziaz.

Baina arrasto zahar honek, arrasto berria dakar, izan ere, oihala zabaldu berria da berriz ere antzezlan jaioberriei jaiotza emanez. Eta urte berriarekin batera, euskarazko estreinaldi bat datorkigu Donostiara, hilaren 15etik 17ra bitartean Antzoki Zaharrean izango dugun Begoña Bilbaok zuzenduriko «Arrastoa» antzezlana hain zuzen ere. Bertan, Andrew Wyke intrigazko nobela egile ospetsua eta jokozale amorratua izango dugu. Egun batean, Milo Tindlek-ek, italiar jatorriko bidaia-agentzia baten jabeak, bisita egingo dio eta elkarrekin solasean eta tragoxka bat hartzen ari direla, Andrewk plan bat proposatuko dio: ustez biak irabazle irtengo diren joko arriskutsu bat.

Eta arriskuaz ari naizen honetan, urte zaharraren oihal gorria itxi eta antzezlan berria hasi aurretik, joan den urtean zehar gure antzerkiak bizi izandako arrisku egoera aipatu nahi nuke hastear den antzezlan berrirako desio bat eskatuaz: gure antzokiak kalitatezko lanez beterik egon daitezela eta gero eta jende gehiago hurbil dadila antzoki epel barrutietan irudimenaz, barreaz eta negarraz gozatzera, honela, hainbeste maite dugun arte honek, ume txikiaren moduan, bere bide berriari ekingo baitio. Eta oihal gorria zabaltzen ari den une honetan, emanaldia hasi aurretiko sabeleko zirrarekin batera, kaka zaharra opa nahi dizuet guztioi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo