Eszenak
Sarrionandiaren lanetik abiatuta, patio bat begiratzeko modu bi
Gaitzerdi antzerki taldetik jaio zen Kabia laborategia taula gainean izango dugu «Decir lluvia y que llueva» lanarekin. Lan talde egonkor baten emaitza izanda, taldekideen aniztasunaren isla bihurtu da bihar Durangoko San Agustin antzokian estreinatuko den antzezlana.
Itziar AMESTOY |
Ikuskizun bat behin eta berriz antzeztua izan arren, haren sorkuntza prozesuaren isla nabari daiteke askotan, baina are gehiago Kabia laborategiak erabili duen lan modua kontuan hartuta. Gaitzerdi antzerki taldetik jaio zen Kabia, ikerketa laborategi bati bizitza emateko. Azken lan honen zuzendari Borja Ruizek azaldu duenaren arabera, patio batek esparru gisa dituen bi aurpegiei buruz hitz egiteko ideiatik abiatu zen bihar estreinatuko den «Decir lluvia y que llueva».
«Alde batetik, patio arrunt bat, non pertsona grisak lekuari garrantzirik eman gabe presaka pasatzen diren. Baina, beste aldean, umeek patioarekiko duten irudia dago; hura baino edozein leku izan daitekeena, denbora malgu batean gertatzen dena». Ideia hori garatzera ekin ziotenean, Joseba Sarrionandiaren testuetan arakatu zuten eta konturatu ziren «hainbat testuk eta ideiak» euren ikuskizunarekin bat egiten zutela.
Taula gainean ikusiko den antzezlanak hizkuntza ugari erabiltzen ditu. Lanaren sorreraren eragina da, Ruizen aburuz. «Kabia sortu genuenean esperientzia anitzeko pertsonak bildu ginen». Hala nola, klown arloan esperientzia zutenak, antzerki testualago bat lantzen zutenak edota ahotsa jorratzen zutenak. Nahiz eta Borja arduratu den dramaturgiaz, «lan talde egonkor baten emaitza» dela nabarituko da taula gainean, guztien ekarpenez osatutako lana baita. Durangoko San Agustin antzokiak jasoko du bihar 20.00etan estreinaldia. Lehen hilabetetan gazteleraz egingo den arren, udazken aldera euskaratzeko intentzioa dutela ziurtatu du Ruizek.