GARA > Idatzia > Ekonomia

Lakuak Itziarko Spicer Ayra Cardan enpresako 51 kaleratze onartu izana salatu du LABek

GARA |

LAB sindikatuak gogor salatu du Gipuzkoako Lan Ordezkaritzak Itziarko Spicer Ayra Cardan enpresak egindako 51 kaleratzeak onartu izana. «Beste behin ere Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen erakunde honek patronalaren interesak lehenetsi ditu langileen interesen gainetik,  51 langile kale gorrian utzita», kritikatu du prentsa ohar batean.

Lan Ikuskaritzaren jarrera ere salatu du sindikatu abertzaleak, joan den azaroaren 25ean ebazpen ez loteslea eman baitzuen, enpresak proposatutako kaleratzeei oniritzia emanez.

Bestalde, ELA sindikatuak auzi honetan izan duen «jarrera intoxikatzailea» salatu du, «publikoki esan baitu LABek, UGT eta CCOOrekin batera kaleratzeak ezkutuan onartu dituela».

Sindikatu abertzaleak baieztapen hori «goitik behera ukatu» du. Azaldu duenez, «bai Lan Ordezkaritzan bai enpresako abokatuen zein arduradunen aurrean» ez du inolaz ere 51 lanpostu deuseztatzea onartuko.

LABen ustez, ELAren prentsa oharrak «jarrera manipulatzailea» erakusten du, baita «sindikatu gisa dituen gabeziak ezkutatzeko saiakera» egiten ari dela ere.

ELAren «txeke zuria»


«Nahiz eta gutxiengoa izan, bederatzitik ordezkari bakarra izanik, beti egin izan du kaleratzeen kontra eta prekarietatearen kontra», nabarmendu du LABek enpresan defendatu duen jokabideaz.

Are gehiago, zehaztu duenez, ELAk eta gainerako sindikatuek lan hitzarmena sinatu zuten bitartean, LABek ez zuen sinatu, «ordu estrak ahalbidetzen zituelako», eta, era berean, ezetz esan zion etendura EREa sinatzeari, kaleratzeak etorriko zirela ikusita; ELAk eta CCOOk, ordea, baiezkoa eman zuten.

Alde horretatik, ELAk eta CCOOk «enpresari txeke zuria eskaini ziotela» adierazi du LABek. 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo