Homofobia eta matxismoa gaitzetsiz egingo diote harrera bihar Munillari
Bihar Munillak gotzain kargua hartzen duen bitartean elkarretaratzera deitu TransMarikaBolloFeminista koordinadorak Donostiako Artzain Onean. Bertan «homofobia eta matxismoari stop» esango diote ozen.Oihana LLORENTE |
Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako elizbarrutiko gotzain berri izendatu izanak fededunen artean hautsak harrotu baditu, zer esanik ez, feminismoa, lesbianismoa, homosexualitatea eta trasnsexualitatea defendatzen duten elkarteen artean.
Erakunde katolikoak euren kontra egiten dituzten kritikak berriak ez direla aitortu arren, Munillaren izendapena «eraso zuzentzat» jotzen dute eta horregatik, gotzain berria ongietorria ez dela adierazteko elkarretaratzea antolatu dute.
Etorkinekin lan egiten duen Garaipen taldeak, Bilgune Feministak, Medeak eta EHGAMek osatzen duten TransMarikaBolloFeminista koordinadorak deitu du, bihar 11.30ean, Donostiako Artzain Onean egingo den kontzentrazioa, eta bertan «homofobiari, transfobiari, lesbofobiari eta matxismoari stop» aldarrikapena egingo dute.
Ratzinger eta Varelaren pare
EHGAMeko Mikel Martin eta Medeak taldeko Kattalin Perezek aurkeztu zuten elkarretaratzea Donostian eskainitako agerraldian. Munilla, kontserbadore erlijiosoen artean kontserbadoreena dela deritzote eta, hortaz, kargua hartu eta berehala, beraiei erasotzeari ekingo dion beldur direla agertu zuten.
Munillak homosexualen kontrako «gorrotoa» sustatzen duela salatu zuen Martinek eta, are gehiago, gotzainak berak bere burua «homosexualen desiran dauden inpultso neurotikoak ezabatzen dituen sendatzaile» gisa aurkeztu izan duela adierazi zuen. Baina ez da hori bere ibilbidean botatako astakeria bakarra: abortua «erailketa» dela esan izan du behin baino gehiagotan eta hiesaren pandemia «autoritateen obsesio pansexualaren» erruz zabaldu dela ere uste du Munillak.
Mobilizazioa egitea «ondo» hausnartu dutela eman zuten jakitera, baina euren eskubideak urratzen dituzten bitartean geldirik egoteko asmorik ez dutela nabarmendu zuten.
Komunikabide andana izan zen TransMarikaBolloFeminista koordinadorak Koldo Mitxelenan egindako agerraldian, eta bertan Munillaren izendapena, Erroman Ratzingerrena eta Madrilen Rouco Varelarena bezala, «gizarte laiko, aurrerakoi eta zientifikoaren zoritxarrerako» dela adierazi zuten.
Horiek horrela, bihar Munillak kargua hartzen duen une berean Artzain Oneko katedralaren atarian egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuten.