Bizi!-k, CADEk eta CGT sindikatuak tren garraioa bultza dadin eskatuko dute
Ainize BUTRON |
«Garraioaren inguruko debatea kaleratu nahi dugu enpresa barnetik garraioa egungo gizartearen erronka nagusietako bat baita», goraipatu zuen atzo Peio Dufau SNCF enpresako CGT sindikatuko ordezkariak. Xede horrekin ingurumen arloan lanean diharduten Bizi! eta CADE elkarteekin batzea erabaki dute, eta, ondoko otsailaren 6an SNCF Estatu frantseseko tren zerbitzuaren kudeatzailearen politika salatzeko lehen ekimen bat egingo dute. Lanpostuak deuseztatzeaz gain, SNCF 2004az geroztik merkantzia garraiatzeko tren kopurua murrizten ari dela nabarmendu zuen Dufauk.
«Enpresako buruek errentagarritasunaren printzipioa darabilte tren kopurua murrizteko argudio gisa. Trenez garraiatzen ez diren merkantziak kamioietan garraiatzen dira. Horrelako politika zentzugabea da garapen iraunkorra sustatu nahi dela esaten den garaiotan», gaineratu zuen. Gehienbat merkantzia kopuru txikia daramaten tren txikiak ari dira desagertzen.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan gehienbat enpresa txikiak direla jakinda, garraio arloko beharrak kopuru mugatuentzat izaten zirela gogorarazi zuen CGTko kideak, eta geroari begira, merkantzia trenez garraiatzeko aukera guztiz desagertzeko arriskua dagoela esan zuen.
Elkarretaratzea
«Gaur egun autobidean 2x3 batera zabaltzen ari dira, merkantzia garraiatze berri guztiak bidetik pasatzen baitira. Trena guztiz kenduz egoera larritu baizik ez da eginen. Gizarte gai nagusi bat da», esan zuen Peio Dufauk. Merkantzia garraioa zerbitzu publiko gisa mantentzea eta 2020ra arte garraio mota hori bost bider handi dadin eskatzeko elkarretaratzea antolatuko dute, beraz, hiru mugimenduok ondoko otsailaren 6an.
«Garrantzitsua da elkartzea ingurumena suntsitzen ez duen garraio mota eta zerbitzu publiko baten alde», adierazi zuen Victor Pachon CADE ingurumenaren defentsarako elkarteen kolektiboko kideak.
Film proiekzio batekin hasiko da otsailaren 6ko ekimena Baionako L'Atalante zineman. Hiru mugimenduek elkarretaratzea eginen dute 16.30ean tren geltokian, «SNCF norabide txarra hartzen ari da; merkantziak burdinbideetan mantendu ditzagun» lelopean. Horren ondotik, Akitania eskualdeko hauteskundeetarako hautagai guztiak eztabaida batera gonbidatu dituzte euren iritzia eman dezaten.