Islandiak herritarrekiko erakusten duen errespetua goretsi beharko luke EBk, ez zigortu
Finantza krisiaren biktima handienetako bat Islandia izan da. Herri txikia izanik, «berrikuntza» finantziarioetan oinarritu zuen bere hazkundea. Sistemak porrot egin zuen eta munduko herrialde oparoenetakoa izatetik arazo ekonomiko larriak izatera igaro zen. Bertako banku nagusiek ere porrot egin zuten eta NDFk dirua mailegatu dio. Herritarrek ordura arteko Gobernua zigortu, eta Gobernu berriak Europar Batasunean sartzeko eskaera egin zuen. Printzipioz, Islandiak EBren baldintzak betetzen ditu, arazorik gabe. Nolanahi ere, krisiaren hastapenetan, islandiarrek zein nazioarteko inbertsoreek diru galera handiak izan zituzten. Orain galerak izan zituzten atzerritarrei kalte-ordainak ordaintzeko legea onartu nahi da. Baina legeak herritarren haserrea piztu du eta Gobernuak erreferenduma egitea erabaki du. Presidenteak, Olafur Ragnar Grimssonek, Islandiaren tradizio demokratikoan oinarritu du erreferendumaren defentsa, herria subiranoa dela esaten baitu Islandiako Konstituzioak. Holandak eta Britainia Handiak, inbertsioen iturburuek, Islandia mehatxatu dute eta EBk egoera gainbegiratuko duela esan du. Beti aipatzen diren «europar balioak» egia balira, Islandiari txalo egin beharko lioke, besterik ez.