Blanca Izkue | Musikagintzako langilea
Haize freskoa sar dadila
2005ko martxoko arratsalde batean jaso nuen Amaia Ereñagaren deia. Donostiako Garibai kalean ginen Lendakaris Muertos taldeko abeslaria eta biok. Taldearen estreinako lana karrikaratu berria zela kausa, promozio aferetan genbiltzan. Euskal Herrian musika kritikari on gutxi zegoela, eta zeudenen artean, gainera, baten bat arrunt traketsa zela adosten ari ginen. Musika taldeen lanak publikoki aztertzeko oso irizpide malguak eta funts gutxikoak erabiltzen zirela, eta hau eta beste.
Eta halakoan, egunkari honetako kultura sailean kolaboratzeko proposamen deia heldu zitzaidan. «Ikusten, Aitor?, hauxe esaten nizun, ba: hemen, edozein inuzente izan daitekeela musika kritikari». Ordutik gaur arte, niretzat ohore eta eskola handia izan da zutabe honetako parte hartzaile izatea. Nire lehen idazkian, jakinduria baino, musika kritikatzeko sentsibilitatea behar dela adierazi nuen. Eta gaur ere horretan nago.
Denetariko kritikak jaso ditut nik ere. Barregarriena, euskaraz ez dakien Iruñeko lagun batek egin zidana: “Idatzi, ez dakit zertaz edo zer moduz idatziko duzun, ez baitizut piperrik ulertzen. Hori bai, kaligrafia, sekulakoa duzu! (aupa Txori!, segi hola, irribarretsu eta umoretsu!). Gitarra-jotzaile dudan beste lagun batek, izenburu ezin egokiagoa asmatu zuen nire artikulu hauentzat: “Diskogintzaren kronika beltzak” (esker mila, Iker. Biba PAM!) Beste lagun batzuk zintzoak izan dira nirekin, eta batzuetan idazten nuena ez zitzaiela interesgarria iruditzen esan didate (mila esker zuri ere, Gurrutxaga jauna, nirekin zintzo izatea asko estimatzen dudan gauza da-eta). Urte hauetan, ongi ikasi dut gai interesgarriak eta testu ulergarriak sortzea ez dela erraza. Zenbait idazkirekin gustura geratu naiz. Besteetan, GARAko kulturako lagunei zein irakurleei barkamena eskatzeko moduko zutabeak egin ditut. Denetarik izan da.
Bost urte hauetan, diskogintza ogibide izanda, hemengo diskoetxeen beherakada izugarria oso gertutik bizi izan dut, eta sektorean gertatu denak inolako justiziarik ez duela esango dut orain eta beti. Antigoaleko iritzia bada ere, esparru publiko zein pribatuan musikaren pirateriaren aferan zer nolako arduragabekeriaz jokatu den, lotsagarria iruditzen zait. Are gehiago, bidean geratu diren lanpostu eta musika talde askoren etorkizuna ezagututa. Baina tira, ez dut inondik ere despedida dramatikorik egin nahi, ikusezin diren irakurle horiei eta hemen idazteko aukera eman didaten lagunei bihotzez eskerrak emanez baizik. Nire zutabekide maiteei, musu bana, eta aurrerantzean txoko honi haize berriak ekarriko dizkion kideari, zorte on eta asko disfruta dezala. Laster arte guztioi!