Gebremariam munduko txapelduna da ezustekoa
Etiopiarrak muzin egin dio Edinburgoko lasterketa ospetsuan parte hartzeari.
Asier AIESTARAN I
Gebre Gebremariam etiopiarra da Zornotzako Nazioarteko Krosean parte hartuko duen izar handia. Parte-hartzaileetako bat «sekulako ezustekoa» izango zela iragarri zuten antolatzaileek aurreko asteartean, eta atzo egindako aurkezpenean munduko txapelduna Jauregibarriako ibilbidean izango dela jakinarazi zuten.
Benetan deigarria da Gebremariam igande honetan Zornotzan izatea, bihar bertan Edinburgoko kros ezaguna korrituko delako, Nazioarteko Federazioaren zirkuiturako puntuagarria dena. Baina, dirudienez, etiopiarrak uko egin dio bertan parte hartzeari Kenenisa Bekele herrikideari berari baino askoz diru gehiago eskaini diotelako Eskozian izateagatik, 100.000 euro hain zuzen.
Beste zenbaiten iritziaren arabera, Gebremariamek nahiago izan du Bekele edo Tadesse bezalako gizon indartsuen aurka ez lehiatu orain arte korritu dituen lasterketa guztiak irabazi egin dituelako eta marka horri jarraipena eman nahi diolako.
Munduko txapeldunarekin batera, goi mailako beste hainbat korrikalari ere lehiatuko dira gizonezkoentzat 10,7 kilometroko ibilbidea izango duen Jauregibarriako zirkuituan. Samuel Tsegay (Eritrea), Cuthbert Nyasango (Zimbawe), Mark Kiptoo (Kenya), Abdelhadi El Mouaziz (Maroko) eta Mark Kenneally (Irlanda) dira ospetsuenak.
Emakumezkoek, aldiz, 7,6 kilometro egin beharko dituzte eta irabazteko faboritoen artean Grace Momanyi –10.000 metrokoan Munduko Txapelketa irabazteko zorian izan zen– eta Ann Karindi Mwangi kenyarrak leudeke, Bouchra Chaabi eta Aicha Bani marokoarrekin batera.