Xanti Begiristain Madotz Iruñea
Iruñea, kultura hiriburu
Hil honetako gaia da ea zer iritzi dugun «Iruñea 2016ko Europako Kultura Hiriburu» izendatzeko hautagaia izateari buruz. Nik hasiera-hasieratik eta argi eta garbi adierazi nahi dut oso begi txarrekin ikusten dudala halako asmoa.
Hasteko, nik ez dut zalantzarik egiten Iruñean daudela nagusiki bi hizkuntza, eta beraz, bi kultura. Agian, gaztelaniazko kultura esan liteke nahiko ongi hornituta duela Iruñeko Udal Gobernuak? Nik ez dakit oso ongi, baina, guztiz seguru nago euskarazko kultura behinik behin erabat gutxietsia daukala, eta hori arrazoitzeko bat egiten dut Iruñeko hainbat kolektibok azaldu dituzten argudioekin.
Konparaziora, Miguel Bose, Raphael, eta abar 2008ko izar nagusiak balira bezala ekartzea, edo Civivox delakoetan estandarizazioa eta alienazioa bultzatzea. Era berean, hainbat hondakin arkeologiko indarrez lapurtu izana aparkalekuak egiteko, edota Baluarten soilik kokatzea ekitaldi nagusi guztiak. Jarraituz, jaiak eta kontzertuak pribatizatu eta kapitalizatzea, Manhattanen entzierro bat egin nahi izatea entzierroaren museoa sustatzeko, edo zezenak torturatu eta hiltzea... niri, behintzat, ez zait iruditzen oso kultura egokia (oraintxe bertan puri-purian dago zezenketen gaia Katalunian). Aurrera segituz, euskara saihestu, baztertu, erabilera bidegabe eta umiliagarria egitea, edota bertako kultur kolektibo txikien adierazpen tradizionalak baztertu eta sostengurik ez ematea eta, gainera, jazarri, debekatu eta isunak jartzea (Olentzero, esaterako), Baltasar betunez margotzea, Euskal Jai pilotaleku urtetsu eta baliotsua bota eta auzoko gehienek nahi ez zuten eraikin bat egitea, Liburutegi Nagusiaren orubean Corte Inglés saltokia jartzea, propaganda ofizialean «Pamplona» bera jartzea betiere «Iruñea» hitza ezkutatzeko, eta abar, eta abar, nire iritziz, ez da batere kulturala.
Eta bukatzeko, guztiz bat nator lelo honekin: «Euskararik gabeko hiriburua, ez hanka ez burua». Horiek horrela, ez nau batere harritzen bozketan Iruñea azken postuetan egoteak. Gora Iruñea guztiz euskalduna!