Andoni Anetas, Antton Rouget eta Aintza Zufiaurre Segiko kideak
Ez dugu kondenarik onartzen, euskal gazteria aitzina!
Azaroaren 11n atxilotu gintuzten hirurak, Uztaritzen bandera frantsesak kentzeagatik. Ez zen kasualitatea izan, gure bila etortzea aurreikusia zuten. Bi egun jendarmeen esku pasa ondoren askatu gintuzten, abenduaren 15erako prokuradorearen ordezkari baten aitzinean pasatzeko aginduarekin.
Hitzordu horren bitartez, «herritartasun ikastaro bat» (stage de citoyenneté) proposatu digute, zigor gisa. Ikastaro hau, frantses errepublikaren baloreak transmititzeko tresna bat besterik ez da. Guk ez dugu halakorik onartzen. Ikusirik afera honek izan zuen hedapen mediatikoa, bitartekari baten bidez konpondu nahi izateak egoera isilpean gorde nahi dutela erakusten du.
Gure iritziz, burutu genuen ekintza legitimitate osoz burutu genuen: gurea ez den nortasun bat inposatu nahi digun ikur bat gure herritik kentzea ez da kondenagarria.
Bestalde, ikastaro honen proposamena bera probokazio gisa ulertzen dugu. Aski ongi dakite zergatik kendu genituen bandera horiek eta zer adierazten duen ekintza mota horrek.
Ikastaro honek, bi egunez, frantses herritar on bat izatea zer den erakustea du helburu. Horrelako egonaldi bat arrunt zentzugabea da: ez dugu haiengandik irakaspenik jaso beharrik.
Proposamen hau ukatuz, frantses justizia bera ukatzen dugu. Iraganean ikusi dugu zein ziren justizia honen ibilmoldea eta ideologia eta, beraz, ez dugu onartzen harengandik kondenatuak izatea. Justiziari ez diogu men eginen, egunerokotasunean euskal gazteriak frantses instituzioei egiten ez dien bezala.
Gure atxiloketa eta orain proposatzen diguten zigorra euskal gazteriak pairatzen dituen eraso etengabeen baitan kokatzen ditugu. Honen guziaren aitzinean erantzun bat eman behar dugu. Horregatik, Segik kanpaina berri bat abian eman du: herriz herri, Ipar Euskal Herriko gazte talde guziekin bildu eta hausnarketa bat burutzea da helburua. Gure jardunarengatik, militantziagatik, gure ideia politikoengatik... gazteria oso baten lana oztopatu nahi dute. Errepresioa eta zapalkuntzaren gainetik, denok elkarrekin bildu eta gure etorkizuna eraiki behar dugu.
Guretzat erantzun onena bakoitzak bere arloan lanean segitzea da, proiektu guziak aitzinera eramanez.
Hori dela-eta, euskal gazteriari deia egin nahi diogu bira honen baitan antolatuko diren hitzorduetan parte hartzera. Jo dezagun aitzina!