GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Andoni Aranberri | Itziar

Itziarren, oso pozik

Itziarren askotan tokatu zaigu protesta egitea. Kexa eta aldarrikapena, ordea, ez ditugu berezko bokazio, eta bi albiste garrantzitsuren inguruko geure balorazio positiboa adierazi nahi genuke oraingo honetan Itziar Herria Sortzen plataformakook; gustura asko gainera.

Joan den abenduaren 23an Itziarko Auzo Udalaren proiektuari bultzada bat eman nahi izan zioten Gipuzkoako Batzar Nagusiek. EAJ, PSE, Aralar eta Hamaikabat alderdien aldeko botoekin eta PPren aurkakoekin onartu zen proposamena.

Testua bere osotasunean iruditzen zaigu oso positiboa, baina espazio arrazoiengatik ezin dugu hemen osorik jaso (irakurri nahi duenarentzat herriasortzen.org webgunean zintzilikatu dugu). Ideia garrantzitsuenen balorazio labur bat egiteko tartea hartu nahi genuke, ordea:

Itziarren autogobernu borondatea bideratzeko formula egokiena Debako Udala eta Itziar Herria Sortzen plataformaren arteko akordioan oinarrituriko tokiko erakunde bat sortzea dela diote Batzar Nagusiek. Bi aldeen arteko akordioaren beharra azpimarratzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu guri.

Akordio hori lehenbailehen gauzatu behar dela esaten du, eta legealdi honetan burutu beharko litzatekeela zehaztu. Hogei urtez arazo honekin bueltaka ibili ondoren, norbaitek epe zehatz bat jarri izana estimatzen dugu, benetan.

Entitateari ahal den autonomia zabalena eman behar zaiola ere esaten dute Batzar Nagusiek. Horixe da gure proposamenean jasotzen duguna.

Gipuzkoako Aldundiari akordioa lehenbailehen gauzatzeko behar diren baldintzak sustatzeko ere eskatzen diote. Eta guk ongietorria ematen diogu edozein laguntzari.

Bestalde, joan den abenduaren 17an Ereñozurako Auzo Udalaren behin betiko proiektuaren berri ematen zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Ekainaren 18an EAE-ANV, Hamaikabat, EAJ, PSE, EB eta PPk osaturiko Hernaniko Udalbatzak aho batez onartu zuen prozedurari ekitea, eta ondo egindako lanaren emaitza ari dira orain jasotzen. Itziar Herria Sortzen plataformatik Hernaniko Udala eta Ereñozuko auzotarrak zoriondu nahi genituzke, eta Debako Udalbatza osatzen duten alderdiak animatu nahi ditugu adibide horri jarraitzera.

Azkenik hedabideei (prentsa, irrati nahiz telebista) eskerrak eman nahi dizkiegu Itziarrerako Auzo Udalerako gure proposamenaren aurkezpenean eta hurrengo asteetan eskainitako arretagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo