Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Yemen
Zelako gobernua dauka Yemenek? Saudi Arabia azpiko auzokideak izanda, esan barik doa AEBen lagunak behar dutela izan; bestela, aspalditik leudeke mapatik desagerturik
Komunikabideetan gai batekin gora eta behera hasten direnean, benetan da arriskutsua. Mendebalde deitzen duten horretako «liderren» ahoetan herrialderen baten izena ibiltzen hasten denean, dar-dar egiteko modukoa da egiatan. Katastrofearen iragarpena; herrialde horri «terrorismo» abizena gehitzen diotenean eta bat-batean eta untxia kapelatik bezala balizko atentatua agertzen denean, hondamendia ate-joka daukate herri horretan.
«Something is rotten in the State of Denmark» dakar bere lehenbiziko ekitaldian «Hamlet» obrak eta zerbait ustela dagoenik ezin du inork ukatu, nahiz eta geografiaz ezer ez jakin, nahiz eta nazioarteko aferetan aditua ez izan. Izan ere, norberak geografiaz eta nazioarteko kontuez gauza handirik jakin ez arren, oraindik badu tartea, ondo edo txarto, zertxobait pentsatzeko eta galderaren bat egiteko:
Zergatik ez nau lasaitzen Obamak troparik bidaliko ez duela esaten duenean? Richard Clarkek, Clintonen eta Bushen gerra aholkulariak, Yemen, hainbat arrazoirengatik, Afganistan berria dela esan du... baina, antza, Bake Nobel saridun bati ez omen dio itxura oso onik ematen soldaduak gerra berrietara bidaltzea -oraingoz behintzat-. Hau, hala ere, ez da arazoa izan Yemengo Gobernuari «laguntza» militarra itzel handitzeko: iaz 70 milioi dolar eta aurten 150 milioi, Petraeus jeneralak esan legez. Edozelan, yanki tontorik barra eta izarrez forratutako hilkutxa batean bueltatzen ez bada, denok dakigu barrura begirako kaltea hutsaren hurrengoa dela.
Zelako gobernua dauka Yemenek? Saudi Arabia azpiko auzokideak izanda, esan barik doa AEBen lagunak behar dutela izan; bestela, aspalditik leudeke mapatik desagerturik, eta Yemengo herritarrak miseria gorrian murgilduta egonik, ez dago asko pentsatu beharrik ziur asko gobernu on-ona ez dela ondorioztatzeko. Horrez gain, Hegoaldeko eta Iparraldeko Yemen biak 1990. urtean batu zirela jakin orduko, edonor kargutuko da iparraldeko eta hegoaldeko egoera sozio-politikoak ezberdina behar duela derrigor. Iparraldean xiitak Gobernuarekin gerran daude; hegoaldean independentzia berreskuratu nahi dutenak gerran daude Gobernuarekin. Beno, akaso egoera ez da hain ezberdina.
Zelako interesak egon daitezke honen atzean? Dudarik balego, jarraitu diruari, edo horixe da, behintzat, arau nagusia beti. Arabiar penintsula osoa da inportantea, geografikoki toki estrategikoa delako eta, zelan ez, gero eta petrolio gutxiago egonik, bertan dagoelako oraindik dagoen gehiena. Ezin utzi kontrola galtzen, inondik inora. Yemendar gizajoenak egin du.
Orduan, ondorio apur batzuk ateratzea batere zaila ez bada -eta seguru asko ez dira ondorio egokienak, lehen esan bezala, nazioarteaz ideiarik ez daukadalako- zergatik ez du inork mahai gainean jartzen? Honi erantzuna ematea ez du merezi, gauza jakina baita jadanik apenas inork kobratzen duela pentsatzeagatik, jauntxoei jokoa egiteagatik baizik. Balizko atentatuarekin jarraituko dute bueltaka eta esku artean sekulako eztabaida dutela pentsatuko dute eskanerrez berba egiten dutenean... baina azken galdera, «listo» ofizialetatik bati ere entzun ez diodana: nor aberastuko da eskaner potrozorri horiekin guztiekin? Gogoratu Chertoff izena eta nabigatu apur bat Interneten, nabigatu, nabigatu...