GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Egunkaria auzia» artxibatzeko eskariarekin bat egin du PSEk

GARA |

«Egunkaria auzia» behin betiko artxibatzeko eskatu zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusiek, PSE-ren aldeko bozarekin. Onartutako testuan, egunotan epaitzen ari diren auzia «zuzenbidean oinarrituta ez dagoela» diote eta horregatik, Auzitegi Nazional espainolari kasua behin betiko artxibatzeko eta eragindako kalteak osatzeko eskatu diote.

PSEk, EAJk, Aralarrek, Hamaikabat-ek, Alternatibak eta EBk egin dute horren alde eta, beraz, ilegalizazioak oinarri izanda osatu zen Batzar Nagusi horietan PP izan da erabakiaren aurka egin duen bakarra.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga auzipetuei elkartasuna adierazi diete EAJ, Aralar, Hamaikabat, Alternatiba, EB eta PSEk adostutako dokumentuan, eta haiek duela zazpi urte «Egunkaria» itxi zutenetik jasan behar izan dutenagatik kezka agertu dute talde politikoek.

Epaia irakurtzen den egunean Batzar Nagusietako ordezkaritza Auzitegi Nazionalean izango dela ere jakinarazi zuten atzoko saioan. PSEk ostera, ez du puntu horren alde egin eta, beraz, alderdi horretako zein PPko ordezkariak ez dira Madrilera joango.

Batzar Nagusietako hasierako eskaera Aralarrek egin zuen arren, gero EAJ eta Hamaikabat-ekin adostu zuen.

PSEko batzarkide Mikel Serranok gogoan izan du fiskalak ez duela auzipetuen aurkako zigorrik aurkeztu eta auzian akusazio partikularrik ez dagoela, eta horregatik eskatu du hura artxibatzeko. Haren ustez gainera, ``Egunkaria''-ren itxiera «gehiegikeria» izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo