Hendaiako Abadiako gazteluaren historia ezagutzeko beste modu bat eskainiko dute
Idoia ERASO | URRUÑA
Hego Lapurdi herri elkargoa, Abadiako Eremua eta Hendaiako Abadiako gaztelua elkartzen dituen kultura egitasmoak ondarea ipuin bilakatuko du. Pierre Deschamps ipuin kontalariak, egonaldi baten ondoren, Abadiako ondarea bestela deskubritzeko parada eskainiko die haur zein helduei. Gazteluaren bisitaldi gidatu batek fantasiazko eraikina dirudienari istorio bat emango dio. Abadiako eremuan hartzen pasabidea jarraituz, kostaldeko lurrek dituzten txoko magikoak ezagutzera emango ditu. «Nire ipuinak sortzeko gauzen ikuspegi anitza izatea behar dut, hori da grina sortzen didana. Ikuspegi zientifikoa, historikoa eta poetikoa lotzea», azaldu zuen Pierre Deschampsek. Hitz horiekin Abadiako eremuak eta bereziki gazteluak dituen alderdi anitzak loriatu zituen.
Antoine d'Abbadieren etxebizitza izan zena ezagutzeko bisita gidatuak Sous les étoiles exactement (Izarren azpian zehazki) du izena, eta ekainaren 5etik 11ra arte egongo da martxan. Ipuin kontalariak bisita gidatuan ohiko azalpenak eman beharrean, gazteluan oinarrituta asmatu ipuinak kontatuko ditu. «Gazteluari giza neurria hartu diot. Lortu nahi dudana jendea jakin-minez gelditzea da eta berriz etortzeko gogoa piztea», azaldu zuen kontalariak.
Hartzen pasabidean gizon batek bere iloba hartz bilakatu ondoren, berriz gizaki izateko egin behar dituen frogak kontatzen ditu. Sarbide-bidaia azaltzen duen ipuinak ibilaldia proposatuko du Abadiako eremuan zehar. Protagonista baso batera joatean ikuslea ere zuhaitz artean murgilduko da.