GARA > Idatzia > Ekonomia

Lopezek 2012rako aurreikusten du EAEko ekonomiaren hazkundea

2012an EAEko barne produktu gordinak abiadura hartu, eta %2ren gainetik haziko da eta langabeziak behera egingo du, Patxi Lopezek atzo esan zuenaren arabera. Kutxen fusioa 2010etik aurrera egin litekeela uste du eta lan politika aktiboen eskumena izateko egutegirik ez dutela onartu zuen.
p026_f01_97x140.jpg

GARA |

Patxi Lopez lehendakariaren ustez, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) «dagoeneko pasatu da lurrikara ekonomikoaren txarrena», artean ere «horren eraginak pairatzen» jarraituko badu ere. Hiru herrialdeetako ekonomiaren susperraldia 2012an kokatu zuen, orduan barne produktu gordina (BPG) %2 baino gehiago hazi eta langabezia nabarmen murriztuko baita, bere aurreikuspenen arabera.

Adierazpenok Euskalduna jauregian emandako hitzaldi batean egin zituen Lakuako Exekutiboko buruak, eta aurtengo bigarren seihilekoan urte arteko hazkunde tasa, txikia izan arren, positiboa izango dela iragarri zuen. Hazkunde murritza izango dela esan zuen, eta litekeena dela lanpostuen galera oraindik ez etetea.

Lan munduko aurreikuspen horiek bete ez daitezen «borrokatzeko» konpromisoa azaldu, eta honakoa gaineratu zuen: «Lanpostuak sortzen ditugunean baino ez dugu esango krisialditik irten garela». Hori 2012an izango dela berretsi zuen.

Hala ere, «lanik gabe egotea eta langabea izatea ez da gauza bera», Lopezen esanetan, eta argudio horrekin, prestakuntza beharrezkoa dela gogorarazi zien herritarrei, «lan merkatutik ez deslotzeko».

Era berean, lan erreforma bat bultzatzeko aukera baztertu zuen: «Kaleratzeak ugaldu baino lehenago beste formula batzuk bilatu behar dira, enplegua erregulatzeko espedienteak edo lanaren banaketa bezalakoak».

Bestalde, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrezki kutxen fusioari buruz adierazi zuen, 2010 igaro eta gero, «krisialdia pasatzen denean, lasaitasun momentua egongo da fusioa arrakastarekin osatzeko».

Lan politika aktiboez ere hitz egin zuen. «Egutegirik ez» dagoela esan zuen, baina gaineratu zuenez, Lakuako Exekutiboa «eskumen hori lortu arte ez da geldituko», aurten lortzea espero baitute, azaldutakoaren arabera.

egutegirik ez

Lan politika aktiboen eskumenaren transferentzia egiteko egutegirik ez dutela onartu zuen, eta ahalmen horretaz jabetu arte Lakuako Exekutiboa ez dela geldituko gaineratu zuen Patxi Lopezek.

Fusioa, luzerako

BBK, Vital eta Kutxa aurrezki kutxen fusioa 2010etik aurrera egin litekeela uste du Lopezek, prozesua arrakastaz osatzeko, krisialdia gainditu osteko lasaitasun aroa beharrezkotzat jotzen baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo