Aire-kontrolatzaileen greba dela medio, Biarrizko aireportua hegaldirik gabe
Arantxa MANTEROLA |
Estatu mailan aire-kontrolatzaileek egindako greba deialdiaren ondorioz, atzo hegaldi guztiak bertan behera geratu ziren Biarrizko aireportuan bertan jarduten duten 34 langileek deialdiarekin bat egin ostean.
CGT, FO, CGC eta Unsa/IESSA sindikatuek era bateratuan eta CFDTk, berriz, bere aldetik egindako deialdia bi egunetarako denez, litekeena da, gainera, lanuztea gaur ere errepikatzea eta, hortaz, trafikoan gorabehera handiak izatea.
Aire-kontrolatzaileak beldur dira Gobernua prestatzen ari den erreformak izango dituen ondorioekin. Izan ere, Europan integratutako nabigazio-agentzia bat sortzekotan dabil Suitza, Alemania, Luxenburgo, Belgika eta Herbehereekin. Egitasmoak aurrera egingo balu, gaur egungo Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia (DGAC) desagertu egingo litzateke.
Bertan jarduten duten 12.000 langileek funtzionarioen estatusa dute, eta kezkatuta daude, erreformarekin izaera hori galduko ez ote duten. Lanpostuen murrizketa izan daitekeela ere uste dute.
Estatuko beste aireportuetan ere eragina izan du grebak, besteak beste, Pariseko Roissy eta Orlyn, Marseillakoan eta Lyonekoan ere bai.
Larrialdietan ere greban
Bestalde, SAMU Larrialdietako zerbitzuan deiak jasotzen dituzten langileak greban dira joan den abenduaren 28tik.
Beren lanean duten ardura dela-eta, kategori-aldaketa eskatzen dute «integrazio zuzenaren bidez eta ez lehiaketa publikoa eginez» Administrazioak nahi duen bezala.
Baionako 16 langileek, greban izanda ere, zerbitzu minimoak bermatu behar dituztenez, guztiek lanean jarraitzen dute.