GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kataluniako Zinemaren Legea, sen ona baino ez

Kataluniako Gobernuak onartu berri duen Zinemaren lege-proiektuak funtsean, herritarrek filmak nahi duten hizkuntzan ikustea bermatzea du helburu. Kataluniako hizkuntza ofizialak katalana eta gaztelania badira ere, joan den urtean eman zituzten filmen %97 gaztelaniaz bikoiztuta edo azpititulatuta zeuden, eta katalanez %3 eskas baino ez. Lege-proiektuaren arabera, kopien %50 katalanez banatu beharko dituzte.

Kataluniako gizartean proiektuarekiko babes handia antzematen bada ere, zinema-enpresaburu eta banatzaileak kontra agertu dira, legea «bidegabea» delakoan. Ulergarria da kontuan izanda batzuek «kultura» hitza aipatzen denean, «negozio» entzuten dutela, eta hizkuntza, herritarrek aukeratzeko eskubidea eta sen ona bera merkatuaren legeen -edo legerik ezaren- pean nahi dituzte. Lege berriak ez du zinemazalerik kaltetuko, baina bai baztertuta zeudenak mesedetuko eta, beraz, zinema bera ere bai.

Joel Joan Zinema Katalanaren Akademiako presidenteak begi onez ikusi du proiektua; hala ere, berandu iritsi dela esan zuen atzo, aspaldi luzean gauzatu beharra zegoen erronka da eta. Egia esan, bazen garaia horrelako neurri zentzuduna sortzeko; nolanahi ere, katalanek berandu inoiz ez baino hobe dela esateko moduan daude. Euskal herritarrek ez bezala, hemen oraindik proiekturik ere ez baita sumatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo