GARA > Idatzia > Kirolak

BELA Harrera beroa

Helburua beteta, lasaiago daude munduko txapeldunak

Iker Martinez eta Xabi Fernandez gipuzkoarrek Bahama uharteetan irabazi berri duten 49er mailako Munduko Txapelketa aztertu dute Donostian.

p037_f01_666x666.jpg

GARA | DONOSTIA

Iker Martinez eta Xabi Fernandez estropadalariek 49er mailako Munduko Bela Txapelketa irabazi zuten asteburuan Bahametan, eta atzo goizean, euskal hedabideen aurrean azaldu ziren BAT Basque Team Fundazioak antolatutako agerraldian. Munduko Txapelketa hirugarren aldiz irabazteak sortu dien poza nabarmentzeaz gain, kirolari gipuzkoarrek omenaldi txikia egin nahi izan zioten entrenatzaile eta adiskide zuten Espainiako Bela Federazioko Kim Lythgoe-ri. Istripuz hil zen urrian, eta hari eskaini nahi izan zioten titulua.

«Garaipena lortu dugu eta titulua hortxe dago, hori da garrantzitsuena. Kontuan izan behar da iaz munduari itzulia ematen izan ginela, Italiako Munduko Txapelketa batez ere aurtengo lehiaketa prestatzeko erabili genuela... Eta Bahametan irabaztea posible zela hainbeste jenderi entzun eta gero, hori lortzea helburu bat betetzea izan da. Batez ere, honek lasaitasuna emango digulako hurrengo proiektuak hobeto prestatzeko», esan zuen Fernandezek.

Garaipena, ordea, ez zen batere erraza izan Iker Martinez hondarribiarraren esanetan: «Ez da batere erraza izan. Guri gehien betetzen gaituena gaizki hasi arren egoerari buelta ematea izan da. Dena errazegi gertatzen denean, gauzak inolako arazorik gabe joaten direnean, agian ez duzu horrenbeste gozatzen azken garaipena. Baina kasu honetan ez da horrela izan. Aurreneko egunean gaizki hasi ginen, horrenbeste denboran egindako prestaketa lanak alferrik galtzetik gertu geundela ikusi genuen, eta horri buelta ematea lortu genuen. Egia da, aurkariek ere ez zutela mailarik onena eman zenbait egunetan eta horrek tarte handia ateratzeko aukera eman zigula, baina azken unera arte borrokan aritu gara. Izan ere, urte hauetako guztietako esperientziak zerbait irakatsi baldin badigu, horixe da, gehiegizko konfiantzak porrotera eramaten duela».

Aurrera begira dituzten proiektuez ere hitz egin zuten bi gipuzkoarrek. Iazko esperientzia gogoan, munduari itzulia ematea da berriz ere Iker Martinez eta Xabi Fernandezen buruan dabilen ideia. «Aurrez aipatu izan dugun moduan, abenduaren 31n Barcelona World Race estropadaren irteeran egotea gustatuko litzaiguke. Ideia horrekin segitzen dugu, baina ezin dugu ziurtatu han egongo garela, horretarako aurrekontu oso handia behar delako, talde handi bat batu behar delako, eta guzti hori behar bezala lotzea batere erraza ez delako. Nik uste %90eko probabilitatea dagoela hori lortzeko, eta atseden apur bat hartu ondoren buru-belarri hasiko gara hitzordu hori prestatzen. Ea hilabete barru ofizialki esan dezakegun proba horretan parte hartuko dugula».

ESKAINTZA

Bi estropadalariek Kim Lythgoe entrenatzaile eta adiskideari, joan den urrian istripu batean hil zenari, eskaini nahi izan zioten titulua. Beraiekin lan asko egindakoa zen Espainiako Bela Federazioan.

ETORKIZUNA

Atseden apur bat hartu ostean, Iker eta Xabi Barcelona World Race delakoa prestatzen hasiko dira. Parte hartuko dutela ziur jakin ez arren, itxaropentsu azaldu ziren abenduaren 31tik aurrera berriz ere munduari bira ematen saiatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo