Santimamiñeko kobazuloak publikoari itxita jarraituko du
Santimamiñe koban azken hogei hilabeteetan egindako ikerketa, kontserbazio eta zabalkuntza lanen emaitzak aurkeztu zituen atzo Bizkaiko Foru Aldundiak. Koba ixteak alor guztietan ekarri duen onura azpimarratu eta atzera bueltarik ez dagoela gaineratu zuen.Ane ARRUTI | BILBO
Duela ia lau urte hartu zen Kortezubiko Santimamiñeko koba ixteko erabakia, eta atzera bueltarik ez duela ziurtatu zuen atzo Josune Ariztondo Bizkaiko kultura diputatuak. Itxieraren ostean, ikerketa zentro bilakatu da Santimamiñeko kobak, Lezikako kobazuloak eta Santimamiñeko baselizak osatutako aztarnategia, eta azken hogei hilabeteetan egindako lanaren balantzea azaldu zuen atzo kultura diputatuak.
Jende kopurua mugatzearen beste ondorio nagusietako bat arnasketa bidez pilatzen den CO2 maila nabarmen gutxitu izana da, honek labar pinturen kontserbazioan duen eraginarekin. Kobaren barrurainoko sarrera librea eten bada ere, Santimamiñek bisita mugatuak jasotzen jarraitu du tarte honetan. 20.000tik gora izan dira 2008ko martxotik hona egindako bisitak, eta batez beste, 4,56-ko (5-etik) puntuazioarekin baloratu dute. Bisita birtual batek osatzen du adituekin egindako ibilaldia.
Tresna ugari
2013ra arte luzatuko den proiektuaren ikerkuntza-emaitza nagusiak eman zituen ezagutzera Andoni Iturbek, Bizkaiko Aldundiko Kultura Saileko Ondarearen Zerbitzuko buruak. Neolitoaren (duela 5.500-5.000 urte) eta Azil aldiko (duela 10.100-10.000 urte) ezagutzan sakondu da batez ere. Ondorio eta emaitza esanguratsuenak aurrerago etorriko dira, izan ere, Santimamiñeko giza-azternen DNA azterketak abiaraziko dituzte.
Aurkikuntzen artean, Kantauri alde osoan lehendabizikoz topatu den maskorren erabilera azpimarratu zuen, batez ere ostrena, animalia eta landare gaiak lantzeko tresna modura.
Argi ikusi da, bestalde, bertan bizi ziren gizakiek animalia basatien ustiapena egiten zutela, baita itsas bazterreko molusku eta arraiena ere. Horien artean legatz baten eta zehaztu gabeko zetazeo baten aztarnak topatu dituzte.
Klimari dagokionez, datu paleoanbientalen arabera, gaur egunean daukagunerako joera nabari da. Neolitoan, urkia zen kobazulo inguruan zuhaitz ugariena. Metal aroan hartutako laginetan, aldiz, hurritza eta haritza nagusituz joango dira.
Lezikako koban, berriz, errinozero iletsuaren penintsulako bilduma garrantzitsuenetako bat topatu da. Garai ezberdinetako material ugari identifikatu dira gainera. Erromatar garaiko brontzezko hamahiru txanpon gehiago aurkitu dituzte, baita VII. mendeko kaiku bat eta aizkora txiki bat ere.